Hamaika arrazoi Euskaraldian parte hartzeko

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 23a, 13:48

Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten hainbat herritarren hitzak jaso ditu Urola Kostako HITZAk. Ilusioz eta gogoz daude parte hartzeko. Honako galderei erantzun diete: 1- Zer rol hartuko duzu Euskaraldian eta zergatik? 2 -Zergatik parte hartuko duzu Euskaraldian? 3- Euskaraldirako hautatu duzun rol hori betetzeko ahalegin handiena nob edo zeinekin egin beharko duzula uste duzu? ELIXABETE URIA (Aia, 1983): "Hizkuntzaren normalizazioan lagungarri izan daiteke" 1- Ahobizi izango naiz Euskaraldian, euskalduna izan eta euskara naturalki erabiltzen dudalako. 2- Euskaraldiko kide bat etorri zitzaigun lantokira egitasmoa azaltzera, eta lan talde osoak parte hartzea erabaki dugu, hizkuntzaren normalizazio prozesuan lagungarri izan daitekeelako. 3- Bikotekidearen ama hizkunza gaztelania da, eta harekin erdaraz hitz egiteko ohitura daukat. Nik uste dut Euskaraldiak hizkuntza ohituren inguruan kontzienteago izaten eta euskara gehiago erabiltzen lagunduko digula. MIRIAM ESTEBAN ARA (Bartzelona, 1978). Aizarnazabal: "Gai ikusten naiz kalera irten eta euskaraz egiten didatenei aurre egiteko" 1- Belarriprest izango naiz. Urte batzuk badaramatzat Euskal Herrian, eta uste dut asko ulertzen dudala euskaraz. Baina hitz egitea kostatzen zait. Behar dut kalera irten eta nire burua sentitzea euskaraz bakarrik hitz egiten den Euskal Herri batean. Gai ikusten naiz kalera irten eta aurre egiteko; jendeak ikus dezala Belarriprest txapa daramadala soinean, eta euskaraz egin diezadatela. Prest nago, eta prest egon nahi dut horretarako. 2- Euskaraldia herriaren aldetik eskuak eta besoak zabaltzea da, jendeak euskara erabili eta ikas dezan. Hau da, jendea euskaraz bizi dadin, alegia. 3- Uste dut Aizarnazabalen, herrian, erraz beteko dudala Belarriprest rola. Gainera, txapa gehiagotan erabili nahiko nuke. Askotan, gauza errazak esateko, ni euskaraz egiten ahalegintzen naiz, baina jendeak hitz egiteko zailtasun pixka bat daukazula ikusten duenean gaztelerara jotzen du. Etxeko denak euskaldunak dira, baina gazteleraz egiteko ohitura daukagu. Hala ere, ez dut uste hor ere zailtasunik izango dudanik. KONTXI SAGARZAZU (Azkoitia, 1956): "Azkoitian jaiotakoa naiz eta bizitza osoan gaztelaniaz hitz egin dut" 1- Belarriprest rola hartuko dut. Besteek euskaraz hitz egingo didate, eta nik ere euskaraz erantzungo diet haiei. 2- Euskaraldia ariketa garrantzitsua izango dela iruditzen zait. Azkoitian jaiotakoa naiz eta bizitza osoan gaztelaniaz hitz egin dut. Hainbat urtetan Euskaltegian ikasi nuen, baina, hala ere, ez dut euskaraz hitz egiten. Kostatu egiten zait. Euskaraz hitz egiten hastea da gakoa, eta pixkanaka erosoago sentitzen naiz horretan. 3- Kalera ateratakoan, jendearekin egondakoan edota erosketetara noanean ahaleginduko naiz Belarriprest rola betetzen. Horrez gain, lagunekin nagoenean ere praktikatuko dut euskaraz. ENERITZ ALBIZU LIZASO (Azpeitia, 1992): "Asko lagunduko du euskaldunok gure konplexuak gainditzeko" 1- Ahobizi izango naiz, bide urratzaile izan nahi dudalako; aukera den guztietan euskara aukeratu eta aukerarazi nahi dudalako. Niretzat gauza naturala da euskara, ni euskaraz bizi naiz, eta hori nirekin eraman nahi dut. Horrela, gainontzeko herritarrei euskara eskainiko diet beti, Azpeitian zein Azpeititik kanpo. 2- Uste dut egitasmo honek asko lagunduko duela euskaldunok gure konplexuak gainditzeko. Ahobiziek aukera izango dute lehen hitza beti euskaraz egiteko, barkamenik eskatu gabe, gizarte babes zabal batekin. Elkarrizketa elebidunetan ere, euskarari eutsiko diote, eta Euskal Herri osoaren oniritzia izango dute. Belarriprestek bidea irekiko dute, eta euskaraz aritzeko eremu asko sortuko dituzte. Honen parte izan nahi dut, benetan sinisten dudalako gure ohiturak alda ditzakegula, konpromisoarekin hartuz gero. 3- Badut familian euskara ikasten ari den pertsona bat, ez zena Euskal Herrian jaio. Orain artean, biontzat errazena zela pentsatuta-edo, gaztelaniaz hitz egin izan dugu, tartean-tartean hitz gutxi batzuk euskaraz eginda. 11 egun hauetan lehen hitza euskaraz egingo diot, eta berak nahi duen artean, euskaraz hitz egingo diot. 11 egun pasatu ostean, ohitura hori normalizatzea nahiko nuke. IGONE ARRUTI (Beizama, 1975): "Ekimen honek herri bezala kontzientzia pizteko balioko du" 1- Ahobizi rola hartuko dut. Euskaldun zaharra naizen aldetik erraza egiten zaidalako eta egunerokotasunean praktikatzen dudan rola delako. Gure proiektua ezagutzera datozen bisitariei (madrildarrei, katalanei, amerikarrei edo japoniarrei, berdin zaigu nondik datozen) zuzentzen dizkiedan lehen hitzak "ongi etorri" izan ohi dira. 2- Euskara bizirik mantentzeko ahaleginean, bakarka aritzeaz gain, ekimen honek herri bezala kontzientzia pizteko balioko duela uste dudalako, eta Euskaraldiko 11 egunak pasa ondoren, herritarron artean aldaketa emango dela sinisten dudalako. 3- Lehen hitza euskaraz esatea ez zait zaila egingo, baina beti erdaraz hitz egiten ohitu naizen jendeari hurrengoak kostatuko zait euskaraz egiten jarraitzea. Izan ere, nahiz eta parean duzun pertsona euskaldun berria izan edo euskara ulertzeko gai izan, "txipa" aldatzea kostatu egiten da. Baina horretarako ere bada Euskaraldia! EDEYDI RODRIGUEZ (Kuba) Getaria: "Etorkizun batean euskaraz normaltasunez komunikatu nahi dut" 1- Belarriprest rola hartu dut, etorkizun batean euskaraz modu arin batean eta normaltasunez komunikatzea gustatuko litzaidakeelako. 2- Ni bezala kanpotik datozenentzako euskararen erabilera sustatzeko ekimen aproposa iruditzen zaidalako hartu dut parte Euskaraldian. Lehen esan bezala, euskara ikasi eta etorkizun batean egunerokotasunean erabiltzera iritsi nahi dut. 3- Uste dut etxean kostatuko zaidala gehien, ez hizkuntzagatik beragatik, erosotasunagatik eta ohituragatik baizik. Kalean horrela funtzionatzera ohitu naiz jada, batez ere, eguneroko esparruetan. BAKARTXO BEGIRISTAIN (Orio, 1970): "Pixkanaka hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera polita da" 1- Belarriprest izango naiz. Euskaraz jakin badakit, baina zenbait jenderekin gaztelaniaz hitz egiteko ohitura daukat. Izan ere, kasu batzutan deseroso sentitzen naiz euskaraz hitz egiten dudanean, hanka sartuko dudala uste dut, eta euskaraz hasi arren, gaztelaniaz jarraitzen dut. 2- Euskaraldian parte hartu nahi ote nuen galdetu zidaten, eta esan nien nik ez dudala beti euskaraz hitz egiten. Perfil horretako pertsona baten bila zebiltzala azaldu zidaten, eta onartu egin nuen proposamena. Pixkanaka hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera polita dela iruditu zitzaidan. 3- Zenbait lagun eta bezerorekin gaztelaniaz hitz egiteko ohitura daukat, euskaraz primeran hitz egiten badute ere. Agian, ohitura hori aldatzea izango da ariketarik zailena. ASIER BUENETXEA (Zestoa, 1973): "Gure herrian ere, euskara bultzatzeko zer egin asko dago oraindik" 1- Ahobizi izango naiz, egunero eta egunerokotasunean euskaraz egiten dudalako. 2- Beti euskaraz hitz egiten dut, eta betidanik euskara batzordetan lanean jardun dudalako parte hartuko dut Euskaraldian. 3- Agian, herri handietan izango dut Ahobizi rola betetzeko zailtasunik handiena. Baina, gure inguruan ere, herri txikietan ezustekoak hartuko ditugula uste dut. Oraindik ere gure herrian zer egiteko asko dago euskararen erabilera bultzatzeko. Uste dugu dena eginda dagoela, baina oraindik ere lan handia dago egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide