"Egun hamar lagunek dute babes agindua Zumaian; deigarria da hori"

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko azaroaren 16a

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako egunarekin lotutako egitaraua antolatu dute Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak

Zumaian Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako egunarekin lotutako egitarauaren aurkezpena (Izaskun Urbieta Esnal) Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a. Egun horri lotuta, indarkeria matxista salatuz eta eraso sexistak jaso dituztenekin elkartasunez herriz herri hainbat ekitaldi antolatu dituzte talde feministek eta udalek. Kalean, ikastetxeetan, aisialdiko haur eta gaztetxoen lokaletan, gaztetxeetan, kultur etxeetan, Emakume Txokoan... landuko dute gaia asteotan. Zumaian esaterako, udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean osatu dute Emagumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin lotutako egitaraua, eta, eskualdeko Hezkidetza Foroko ikastetxeek ere bat egin dute. Asteartean aurkeztu zuten egitaraua Zumaian Kristina Vicente Berdintasun zinegotziak, Karmele Gomez Berdintasun teknikariak eta Zumaiako ikastetxeetako, Berdintasun Foroko eta Zarauzko Berritzeguneko ordezkariek. Emakumeenganako indarkeria kasuen berri eman zuen Vicente zinegotziak. Hala, aurtengo Zumaiako datuak kontuan hartuz, bost kasu artatu dituzte  Zumaiako Udal Gizarte Zerbitzuetan. Horietan, biktimaren eta tratu txarrak eman dizkion pertsonaren arteko harremana bikote harremana da lau kasutan. Bestea, berriz, zainketarekin lotutakoa da. Indarkeria jasan duten emakumeak adinez "nahiko gazteak" direla azaldu zuen zinegotziak: "25 urtetik 50 urtera artekoak dira erasoa jasan duten emakumeak.Bestetik, erasotzaileek 33tik 78 urte bitarteko adina badute ere, %80 33tik 50 urte bitartekoa da". Emakume horiek hiru motatako indarkeria jasan dutela adierazi zuen: "Fisikoa, psikologikoa eta sexuala". Bost emakume horietatik bik jarri dute salaketa, hau da, %40ak. "Kasu guztietan, Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik informazioa eta orientazioa eskaini zaie, baita ditugun zerbitzuen berri eman ere. Horrela, bi emakumek laguntza psikologikoa onartu dute". Datu horiez gain, Ertzaintzatik jasotakoak ere azaldu zituzten astearteko aurkezpenean. Zumaian, guztira, hogei kasu izan dira: hamabi genero indarkeria kasuak dira, eta zortzi, berriz, indarkeria domestikoko kasuak. Aurten, bederatzi kasu itxi dira eta egun 11 daude exekuzioan, horietatik zazpi genero indarkeria kasuak eta lau indarkeria domestikokoak. "Deigarria da, gaur egun hamar pertsonek dute babes agindua Zumaian", azaldu zuen Zumaiako Berdintasun teknikariak. Zumaiako ikastetxeetako ordezkariek ere parte hartu zuten azaroaren 25aren bueltan egingo dituzten ekitaldien berri emateko aurkezpenean. Bertan, banan-banan bakoitza egiten ari denaren inguruan aritu zen. EGITARAUA: - Azaroaren 27ra arte. Gorroto delituak: orientazio sexuala eta genero identitateak erakusketa zabalik izango da, Aldartek antolatuta. Oxforden. - Azaroak 23, ostirala. Berdintasun gunea, Emakunderen autobusa, Eusebio Gurrutxaga plazan 10:00tik 12:00ra eta 17:00tik 18:00ra. Herritarrei informazioa emateko irekita egongo da eta nahi duenak bertan sartzeko aukera izango du informazioa jasotzera. Autobusean bertan, 12:00etan, soldadura eskolako ikasleekin tailerra egingo da eta 18:00etan, berriz, haur eta familiei zuzendutako tailerra. - Azaroak 24, larunbata. Autodefentsa feminista ikastaroa, euskaraz, goiz eta arratsaldez. Tailerra Emagin Elkarteak bideratuko du eta doakoa izango da. - Azaroak 25, igandea. Elkarretaratzea, 13:00etan, Saregileen plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide