Adinekoen egoitzetarako hitzarmen duina eskatzeko mobilizazioekin jarraitzen du eskualdeko LABek

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 15a

Gipuzkoako adinekoen egoitzek herrialdeko lan hitzarmen "duina" izan ditzaten aldarrikatzeko mobilizazioak egiten jarraitzen du LAB sindikatuak, eta bide horretan jarraitzen dute eskualdeko ordezkariak ere. Gaur, esaterako, auto karabana egin dute Deba-Garaian, eta, ondoren, elkarretaratzea egin dute Bergaran. Gipuzkoako hainbat txokotan protestak egin ostean, abenduaren 21ean, San Tomas Egunean, Azpeitian egingo dute geldialdia. Egun horretan, 11:00etan hasita, informazio postua jarriko dute Azpeitiko plazan. Era berean, urtea bukatu artean jarraituko dute elkarretaratzeekin zein lanuzteekin. Abenduaren 24an eta 31n greba deitu du LABek. Joan zen urrian hasi zen LAB sindikatua adinekoen egoitzetarako lan hitzarmenaren aldeko borrokan. LABen arabera, lan hitzarmen berria negoziatzeko "borondate eza" erakutsi zuten negozioazio mahaiko eragileek: Adegik, Matia 2020k, Laresek eta ACGG patronalak. Gipuzkoako adinekoen egoitzetako herrialdeko hitzarmena 2012tik berritu gabe dago, eta sindikatuak, besteak beste, oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoa homologatzea eskatu zien arduradunei. Egoerak "bere horretan" jarraitzen zuela ikusita, greba deialdiak egin zituen LABek adinekoen egoitzetan, urrian zehar. Hilabete igarota, gauzak ez dira aldatu, eta mobilizazioekin jarraitzen du LABek Gipuzkoako hainbat eta hainbat txokotan. Honakoa exigitzen du LABek: kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea; langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lanbatzorde parekidea sortzea; eta prestakuntza kontuan izateko puntu garrantzitsua izatea. LABen aburuz, sindikatuaren aldarrikapenei erantzuten ez dien proposamen bat aurkeztu zuten patronalek. Horren aurrean, mobilizatzen jarraitzea erabaki zuen sindikatuak. LAB ez ezik, ELA sindikatua ere ari da Gipuzkoako adinekoen egoitzetako hitzarmena berritzeko borrokan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide