Mintzalagun programak ikasturte hasierako ekitaldia egingo du gaur arratsaldean Zumaian. Egitasmo honen helburua da euskaldun berriek euskaraz hitz egiteko aukera izatea beren egunerokoan eta modu informal batean. Horregatik, astero ordubetez euskaldun zaharrak eta berriak elkartzen dira talde txikietan. Kafea hartuz aritzen dira berriketan batzuk; paseatu bitartean, beste batzuk.
Eskualdean bospasei herritan daue martxan Mintzalagun taldeak, eta bakarren batean antzerako egitasmoa dute martxan. Aurten ere dozenaka lagun animatu da egitasmoan parte hartzera. Eskualdeko datu batzuk ematearren: Zarautzen, Orion eta Zumaian, 82 herritarrek eman dute izena, eta 22 taldetan ari dira parte hartzen (Zarautzen hamabost talde osatu dira, Zumaian lau talde eta Orion hiru talde). Azkoitian, 40 lagun ari dira parte hartzen programan, hamabi taldetan banatuta, eta Zestoan, berriz, lau talde osatu dituzte.
Umorea hasiera ekitaldian
Ikasturte berria jada aurkeztua dute Azkoitian, eta gaur kostaldearen txanda izango da. Hala, 18:30ean Zumaiako Alondegian egingo da hasiera ekitaldia. Ikasturte honetako leloa da Praktikatu eta bizi, euskaraz egin eta euskaraz bizi, eta gaurko ekitaldian antzezlan batez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Izan ere, Bakean dagoenari bakean utzi izeneko lana eskainiko dute Mirari Martiarena edo Idoia Torregarai umoregileek. Euskara eta generoa izango dute hizpide antzezlanean.
Mintzalagunak astero elkartzen dira hitz egiteko, eta horren osagarri, hainbat ekimen egiten dituzte. Batetik, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten dira. Bestetik, urte osorako hainbat proposamen bideratzen dira: irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak, eta abar.
Kostaldeko herriei dagokienez, Urola Kostako Udal Elkartea da Mintzalagun programaren antolatzailea, eta dinamizatzailea, berriz, Urola Kostako AEK. Ohar bidez azaldu duenez, 10 urte beteko ditu programak datorren urtean, eta balorazio positiboa egiten du elkarteak. "Programaren bilakaera ona izan da, eta parte hartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen, eta azken urteotan urtero hogei talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte". Izena emateko 625 48 52 15 telefonora deitu daiteke.