Ion Larrañaga da Getariako arraun talde nagusiaren entrenatzailea

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 14a

Ion Larrañaga. (Argazkia: Utzitakoa) Ion Larrañaga getariarra izango da Getariako Arraun Elkarteko traineruko entrenatzaile berria. Hala jakinarazi zuen arraun elkarteak astelehen arratsaldean. Harrobiko gizona da Larrañaga. Umetan hasi zen arraunean Getarian, etaondoren beste hainbat taldetan ibili da. Zumaian hamar urtez egon zen, eta urtebeteko atsedena hartu ostean, Hondarribiara joan zen. Bertan hiru urte egin zituen han, besteak beste, 2012an Espainiako txapelketa irabazi zuen, eta 2013an Kontxako bandera. Bi urtez geldirik egon ostean, 2016an Kaikun ibili zen. Arraunlari gisa azken urtea, berriz, iaz egin zuen, Hondarribian. Orain entrenatzaile hasiko da arraun munduan eta "beldurrik ez, baina errespetu handia" diola aitortu du. Lana harrobiarekin Getariako Arraun Elkarteak betidanik egin du lan harrobiko jendearekin, eta bide bera jarraitzeko asmoa du Larrañagak ere. "Herriko arraunlari gazteei aukera eman nahi diogu. Horiek esperientzia hartzea da nahia, eta horretarako lan egingo dugu", adierazi du. Trainerua osatzeko justu samar dabiltza, hala ere. Horregatik, herriko gazteei eta aurrez arraunean ibili direnei berriro ere hasteko gonbidapena egin nahi die. "Talde oso gaztea daukatu, eta jubenil mailatik bakarra igo da talde nagusira. Askok utzi egin dute arrauna. Horregatik, animatzeko deialdia egin nahi dut", esan du. Aurten ere KAE 1 ligan arituko da Getariako Esperantza. "Orain arte TKEra igotzeko lehian ibili gara, eta gutxigatik ez da lortu. Baina, denboraldi honetan, beste helburu apalago batzuk izango ditugu, tartean, trainerua uretaratzea. Hori izango da gure lehendabiziko erronka", kontatu du. Entrenatzaile izatearena ezustean etorri baldin bazaio ere, ilusioz eta gogoz hartu du proiektua. "Gainera, klubeko pertsonek lagunduko didate", esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide