Bolo-bolo zabaldu da Oier Bartolome surflari debarrak Zumaia eta Deba arteko harraldean grabatutako
bideoa. Horren aurrean, hainbat erakundek hartu dute hitza, egoera hori "tamalgarria" dela eta "kontzientzia hartzearen beharra" nabarmenduz. Dena den, Gorka Alberdik uste du ez dela arazoaren "sustraira" jo. "Badirudi munduarena dela arazoa, eta itsasoan gertatzen denak gure izena du".
Alberdik duela gutxi salatu zuen Urola ibaiko urak ez doazela garbi, Eguzki talde ekologistaren izenean. Eta bideoak sortu duen zalapartaren aurrean, gogorarazi nahi izan du Urola ibaiko urak Zumaian itsasoratzen direla. "Ibaian daukagun arazoaren ondorio da itsasoan agertu den hondakin kopurua. Gureak dira Zumaian azaldu diren plastikoak", azaldu du. Haren arabera, gertatua ez da birziklatze arazo bat: "Ez da plastikoaren kudeaketa egokia egiten, eta horren emaitza da gertatutakoa".
Gaian oso inplikatuta dago Alberdi; horren erakusle da hiru hilabete daramatzala hondakinak ateratzen Urola ibaitik. Haren esanetan, "hondakin kopuru handia" botatzen dute herritarrek ibaira, eta "hori ezin da onartu". "Ez da normala ibaian hainbeste plastiko egotea", erantsi du. Hark azaldu duenez, hainbat komunikabidek kanpoko arazoa bailitzan kontatu dute Zumaia eta Deba arteko harraldean gertatua, eta garrantzitsua iruditzen zaio arazoa kokatzea: "Gure etxe parean hasten da arazoa; geurea da arazoa".
Urola ibaian dagoen hondakin kopuruaren froga gisa, honako irudi hauek bidali ditu Alberdik: