Mikel Ibarguren protagonista den 'Azken Otsoa' film laburra Zinebi jaialdirako hautatu dute

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 24a

Bizkaiko Lapatx Films ekoiztetxeak ondu du lana. Benetako istorio batean oinarritutako thriller generoko filma da. Goiz Eder Iturain aktore zumaiarrak ere parte hartu du bertan.

  Mikel Ibarguren aktore zestoarra protagonista den Azken Otsoa film laburra Zinebi Bilboko zine dokumental eta film laburren nazioarteko jaialdirako hautatu dute. Bizkaiko Lapatx Films ekoiztetxearen azken lana da, eta Iker Maguregi aritu da zuzendari lanetan. 40 bat laguneko lantaldeak parte hartu du filmean, eta haien artean bada eskualdeko beste aktore bat ere: Goiz Eder Iturain zumaiarra. Ibarguren pozik agertu da lana Zinebi jaialdiko Sail Ofizialerako aukeratu dutelako. "Mundu osoko zinemagileekin lehiatuko gara, eta guretzat haien ondoan egotea sekulakoa da", azaldu du. Sail ofizialean, fikioaren atalean, bi euskal produkzio lehiatuko dira, eta horietako bat da Azken Otsoa. Hitz gutxiko lana den arren, euskaraz grabatu dute. Thriller generoko filma da, ekintza askokoa eta drama ukituarekin. Aktore zestoarrak apirilean jaso zuen filmean parte hartzeko proposamena: "Zuzendariak deitu zidan esanez nire lan batzuk ikusi zituela eta protagonistaren rola niretzat zela". Ibargurenek gidoia irakurri zuen, eta "ikaragarria" iruditu zitzaion. Karrantzan (Bizkaia) gertatutako istorio erreal bat da kontakizunaren abiapuntua. Lau kideko familia batean, seme zaharrenak aitari lagunduko dio basoko azken otsoa hiltzera. Bakea lortu dutela sinetsita, hurrengo goizean ohartuko dira hiru ardi desagertu direla, eta berriro eskopeta hartu eta basora joko dute. Seme zaharrenaren rola jokatuko du Ibargurenek. Azaroaren 10ean, larunbata, estreinatuko dute film laburra, Bilboko Azkuna Zentroan, 17:30ean hasita. Lehia irabaztea "oso zaila" izango dela uste du Ibargurenek, baina jaialdian parte hartzea bera nahikoa sari iruditzen zaio. Azaroaren 16an amaituko da jaialdia, eta egun horretan jakinaraziko dituzte zein izan diren aurtengo edizioko lan sarituak. Ikusi hemen film laburraren trailerra: https://www.youtube.com/watch?time_continue=29&v=uXcqD_6_U6w    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide