Bodyboard eta surf txapelketa antolatu dute larunbaterako Itzurun hondartzan. (Argazkia: Gorka Zabaleta)
Hirugarren asteburuz jarraian, surf eta bodyboard jarduerak izango dira Zumaian. Kasu honetan, larunbatean, FederArte Festibaleko zirkuituari amaiera ematen dion bodyboard eta surfeko txapelketa irekia jokatuko dute. Horrez gain, musika eta kultur jarduerak izango dira egun osoan zehar Zumaian.
Kultura eta kirola uztartzen dituen FederArte jaialdia 2017. urtean estreinatu zuten Zarautzen, eta izandako arrakastaren ondorioz, Euskal Herriko beste hainbat herritara zabaldu dute, Euskal Herriko eta Gipuzkoako surf federazioek sinatutako hitzarmenaren bidez.
FederArte Euskal Surf Kultura egitasmoaren helburua surfa kirol mundutik beste esparru batzuetara zabaltzea dela adierazi du Maialen Saez Segurola Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakariak, «txapelketatik haratago joanez eta, era berean, surflarien komunitatea aberastuz».
Larunbateko ekitaldiak goizean goiz hasiko dira. 08:30ean Euskal Herriko surf eta bodyboard txapelketa jokatuko da Itzurun hondartzan. Bertan parte hartzeko interesa dutenek, izena wavescores.net atarian eman beharko dute. Sari banaketa ekitaldia 18:30ean egingo dute, Kofradian.
10:00etan irteera antolatu dute Algorrira. Zumaiako Natur Taldeko kideek gidatuko dute irteera hori, eta bere ezaugarri geologikoengatik mundu mailan ezaguna den flyscharen berri jasoko dute parte hartzaileek. 12:00etan, emakumea surflari klaseak emango dituzte Itzurunen, eta 16:00etatik aurrera sup inklusibo saioak izango dira portuan.
Bideoak eta kontzertuak
19:30ean, Zumaiako surfisten ikus-entzunezkoak emango dituzte Tximista tabernan. 22:30etik aurrera, berriz, kontzertuak izango dira, eguraldi onarekin Amaiako plazan, eta txarra egiten badu Torreberriko aterpean. 22:30ean Deus ez taldeak joko du, eta 23:30ean Rural Zombiesek. DJen saioekin amaituko da Zumaiako FederArte festa: 01:00ean, DJ Goiko arituko da Itzurun tabernan, eta 02:30ean eta 03:30ean DJ Huegun eta DJ Uranga, hurrenez hurren, biak Tximista tabernan.