Iazko udan Deba eta Zumaia artean harraldea garbitzen.
Igande goizean Oier Bartolome surflari debarrak bideo bat zabaldu zuen sare sozialetan. Bertan, Zumaia eta Deba arteko harraldeko irudiak jasotzen zituen. Bere helburua ez zen ingurunearen edertasuna zabaltzea; marearteko gune horretan pilatutako plastiko txiki kopuru handiaren berri eman eta egoera salatzea baizik. Helburua hein batean bete zuen: tsunami baten moduan, bideoa bolo-bolo zabaldu zen sare sozialetan.
Itsasoek pairatzen duten kutsaduraren adibide bat da hau. Udazken-negu partean plastiko, egur, beira eta beste era askotako hondakinak pilatzen dira labarretako arroken artean. Kasu honetan, plastiko zati txikiak ziren kostaldera heldutakoak, eta sareetan bertan herritar batek esan bezala, «Euskal herritar denak bildu, eta kostaldera eramanik ere, ez genituzke mikroplastiko horiek guztiak kenduko».
Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailea den Leire Barriusok Berriari adierazi zioenez, «irudian agertzen direnak plastiko zati txikiak dira. Ez dira bota berriak. Kanpotik iritsitako plastikoak dira». Harez ustez irudi hauek ez dira ohikoak, eta marea bizien eragina da. «Neguan, marea bizien ondorioz, plastikoak labarren goialdean metatzen dira. Hurrengo marea biziak heldu arte, han gelditzen dira, itsasoa ez delako normalean hain gora iristen».
Labarrak garbitzeko eta hondakinak jasotzeko irteerak antolatu ohi dituzte. Azkena, iazko udan egin zuten: lehorrera eramandako hondakinak poltsa handi batzuetan bildu zituzten eta helikopteroen bidez eraman zituzten Elorriagako aparkalekura.
Salaketa ongi ikusten du Barriusok, baina norberaren portaera aldatzea ere eskatu du. «Salaketa ongi dago, baina batzuetan jendea kexatzen da, eta ez daki bere jokaerak zein ondorio dituen. Ez du bere portaera aldatzen».
Kontzientziazioa
Gaia erakundeetara ere heldu da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Turismoko Zuzendaritzek «nahigabea» adierazi zuten ohar baten bidez. «Itsasoetako kutsadura arazo global bat izan arren, tamalez, Gipuzkoak ere jasaten du arazo hori, eta horregatik, ekimen zehatzekin lanean jarraitu behar dugu gure lurraldetik, itsasoetako kutsadura desagerrarazi arte murrizten joateko», esan du Ingurumeneko Zuzendari Monica Pedreirak.
Aztirekin eta Surfrider erakundeekin Life Lema izeneko programa egiten dutela esan du, «itsasoak garbitzeko eta herritarrak kontzientziatzeko». Aipatu kontzientziazioa emaitzak ematen ari dela ere nabarmendu du, hondartzetako hondakin kopurua %18 jaitsi dela azpimarratuz.