Laugarren BRK Fest jaialdia ospatuko dute etzi Zumaiako Torreberri gaztetxean

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko urr. 11a, 10:12

Arratsaldean hasita, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik helduko diren taldeak izango dira gaztetxeko oholtzan. Gaztetxea ekonomikoki laguntze aldera antolatu dute jaialdia.

Altsasuko eta Oreretako gazte auzipetuekin elkartasunez antolatu zuten jaialdia iaz. (Argazkia: BRK Fest) BRK Fest IV jaialdia ospatuko dute larunbatean Zumaiako Torreberri gaztetxean. Arratsaldean hasita, hainbat musika taldek kontzertuak eskainiko dituzte gaztetxe kanpoko aterpean jarriko duten oholtzan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 7 euroren prezioa izango du jaialdirako sarrerak. Zumaiar batek duela lau urte «muntai polizial baten ondorioz» jaso zuen isuna ordaintzeko antolatu zuten jaialdiaren lehen edizioa. «Orduan ez genuen uste jarraipena izango zuenik, baina arrakasta izateaz gain, muntaia polizialek jarraitu egiten dute. Horri erantzuna emateko jarraitu dugu urtero antolatzen», azaldu dute antolatzaileek. Altsasuko eta Oreretako gazte auzipetuekin elkartasunez antolatu zituzten kontzertuak iaz. Aurten, Zumaiako Torreberri gaztetxea laguntzeko izango da: «Lapurretak egon ziren, eta horrez gain, herri mugimendua biltzeko espazio garrantzitsua da». Goizetik 30 boluntariotik gora arituko dira etzi lanean. 18:00etan hasiko da jaialdia, eta Euskal Herriko txoko ezberdinetatik helduko diren taldeak igoko dira oholtzara: Bergarakoak, Zumaiakoak, Gasteizkoak, Arbizukoak eta Legutiokoak. BRK Fest IV 18:00-18:45. Las Tuerkas. 19:00-19:45. The New Brigade. 20:00-20:45. No Regret. 21.30-22:30. Brigade Loco. 22:45-23:45. Boot Boys. 00:00-01:00. Nafarroa 1512.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide