Aldi baterako hamar lanpostu betetzeko deialdia egin du UKUEk

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko urriaren 8a

Mantentze lanak egiteko zortzi langile eta bi teknikari kontratatuko dituzte. Eskabideak aurkezteko epemuga urriaren 22a izango da.

Urola Kostako Udal Elkarteak aldi baterako hamar lan eskaintza ditu, haietako zortzi mantenu lanak egiteko, eta bi, teknikari moduan aritzeko. Deialdiaren xedea "laneratzeko zailtasn bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea" dela azaldu du Udal Elkarteak, lan esperientzia honen bidez, pertsona horien "kualifikazioa eta/edo gaitasun pertsonalak eta motibazioa handitzeko". Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2018ko ekainean argitaratutako deialdiaren baldintzak beteko dituzte kontratatutako pertsonek. Alegia, kontratatutako hamar lagunetik lau emakumeak izango dira, hiru diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak eta bi 55 urtetik gorakoak. Pertsona batek baldintza bat baino gehiago bete ditzake. Kontratuak sei hilabetekoak eta lanaldi osokoak izango dira (luzapenik gabe) eta abenduan hasiko dira. Teknikari bat kontratatuko dute, lanpostu berrien perfilak lantzeko eta beste bat, eskualdeko kultura eta sormen industrien mapeoa egiteko. Mantentze lanetako langileak, berriz, lorezaintzan, margoketa lanetan eta igeltsaritzan ariko dira.

Parte hartzeko baldintzak

Parte hartzeko baldintzak eta hautaketa prozesuan baloratuko diran alderdiak oinarrietan daude zehaztuta. Ezinbestekoa da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabe gisa izena emanda egotea eta eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) erroldatuta egotea. Eskabideak aurkezteko azken eguna urriaren 22a izango da. Eskatzen diren dokumentu guztiak Udal Elkartearen egoitzan aurkeztu beharko dira (Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide