https://www.youtube.com/watch?v=URWSosH6dDk
Boluntariotza aukera berriak lortzea du helburu Atzegiren aurtengo kanpainak. Urriaren 9an egingo dute ekitaldi nagusia, Donostiako Antzoki Zaharrean. 'Gure txanda' lelopean antolatu dute kanpaina, eta, Urola Kostan, Zarautzen, Zestoan eta Azpeitian egin dituzte haren aurkezpenak. Atzegiren hitzetan, bi helburu nagusi dauzka kanpainak: Adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna ikusgai egitea eta boluntario izateko aukera berriak sortzea.
Atzegi elkartekoek boluntario lanetan aritzeko prest dagoen jendea hurbiltzen zaiela baieztatu dute. "Asko boluntariotzan aritu izan dira puntualki eta errepikatzeko asmoa daukate, edo beste zeregin egonkorrago bat bilatu nahi dute". Gogoratu dute hainbat erakunderekin lan egin izan dutela azken urteetan: Elikagaien Bankua, Lilatoia, Ehunmilak, San Silvestre ezberdinak... Kolaborazio horiek eskertu eta sendotzeaz gain, boluntariotza esparruak zabaldu nahi dituzte orain, aukera hori pertsona gehiagori eskaini ahal izateko.
Aurreko urteko kanpainak Atzegitik kanpoko jendea elkartearekin boluntariotzan aritzeko bultzatzen zuen, eta aurtengoan, buelta eman diete kanpainari. Alegia, boluntarioak behar dituzten egitasmoak antolatzen dituzten elkareei dei egiten diete, adimen desgaitasuna duten pertsonekin lan egtiera. Hortik, 'Gure txanda da' leloa. Antolatzaileek adierazi dutenez, "jasotako laguntza hori bueltatzeko aukera" bilatzen dute.
Boluntariotza "inklusio modu bat gehiago" dela uste dute Atzegikoek. "Zailtasunak izan arren, desgaitasuna duten pertsonek jarduera askotan kolaboratu dezakete, eta besteei lagundu ahal izate horrek bultzada handia ematen die".
Boluntarioekin lan egiten duten erakundeei deialdia
Kanpaina berriaren harira, deialdia egin diete boluntarioekin jarduten duten ekimenei, Atzegirekin lan egiteko. "Orain arte izan ditugun esperientziak oso positiboak izan dira bi aldeentzat".
Zarauzko aurkezpenean, Xabier Txurruka alkateak eskerrak eman dizkio elkarteari, eta edozein egitasmo aurrera ateratzeko udalaren laguntza izango dutela baieztatu die.
Azpeitian, berriz, jakinarazi dute Urola Erdian 93 familia direla Atzegiren bazkide eta kolaboratzaile moduan 54 lagun aritzen direla. Era berean, 869 Atzegizale daude Urola Erdian.
Azpeitiko plazan egin duten aurkezpenean, besteak beste, Atzegiko kide Eli Agirianok hartu du hitza. Adimen desgaitasuna du Agirianok, eta hark azaldu duenez, egun Iraurgi Ikastetxean praktikak egiten ari da, eta administrari lanetan, jangelan eta umeen zaintzan laguntzen du. Aurretik, beste hainbat arlotan aritu izan da boluntario, hala nola abenduaren 31n egiten den San Silvestre lasterketan, eta adierazi du gustatuko litzaiokela beste eremu batzuetan ere laguntzea. Hori hala izanik, Atzegik dei egin die elkarteei, boluntarioak behar dituztenean adimen desgaitasuna duten pertsonak ere kontuan izan ditzaten. "Adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna azpimarratu nahi dugu. Pertsona horiek argi dute laguntza pixka batekin gauza asko lortu daitezkeela; horiek ere aukera bera izan behar dute. Beraiek jaso duten laguntza bueltan eman nahi diete beste pertsonei", azaldu du Aloña Agirrek, Atzegiko Urola Erdiko ordezkariak.
Atzegiren helburuak gizarterako asmoz, kartelak edota liburuxkak banatuko dituzte datozen asteetan hainbat lekutan, eta bideo bat ere sortu dute, adimen desgaitasuna duten pertsonei boluntario izateak zer ekarpen egiten dien adierazteko asmoz. Hemen ikus daiteke bideoa.