Gaur hasiko dira Zumaiako Beheko plaza eta San Jose kalea lotuko dituen igogailua eraikitzen

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko urriaren 5a

Aste honetan bildu da udala bizilagunekin, proiektuaren berri eman eta lanek auzoan izango duten eragina azaltzeko. Altuna y Uria enpresak eraikiko du, 883.892 euroko aurrekontuarekin.

Asteazkenean bildu zen udala bizilagunekin, proiektuaren berri emateko. Gaur hasiko dituzte Eusebio Gurrutxaga plazaren eta San Juan egoitzaren artean igogailua eraikitzeko lanak. Altuna y Uria enpresak izango du proiektua aurrera eramatearen ardura, 883.892 euroko aurrekontuarekin. Lanak zazpi hilabeteren buruan amaitzea aurreikusi dute. Oier Korta Zumaiako alkatearen hitzetan, herriko puntu altuenetarikoa izanik, San Jose kaleko irisgarritasun arazoei irtenbidea emateko eraikiko dute igogailua. Horrez gain, San Juan egoitzako egoiliarrei eta haien senitartekoei erraztasunak eman nahi dizkiete. Lehen barandak gaur jarriko badituzte ere, datozen egunetan geroz eta presentzia handiagoa izango dute lanek. Auzoaren erdialdea hartuko dute, eta lanek auzoan izango duten eragina kontuan izanik, bizilagunak informatzeko bilera izan zen asteazkenean udaletxeko batzar aretoan. 30 bizilagunetik gora bertaratu zen xehetasunak jasotzera. 2016an erosi zuen lursaila udalak, eta orain, proiektua idatzi, onartu eta esleituta, ekingo diete eraikuntza lanei. Aurkeztutako proiektuaren ezaugarri nagusi berak ditu gaur egungoak ere, baina aldaketa batzuk egin dizkiote. Esaterako, San Juan egoitzara iristeko, arrapala txiki bat gehitu diote proiektuari, igogailuaren eta egoitzaren artean dagoen aldapa leuntze aldera. Beheko San Jose kalea eta goikoa lotzeaz gain, Odietako etxebizitzekin eta sotoekin komunikatuta egongo dela jakinarazi dute. Lanen eraginak Arroa eta San Jose kaleen artean jarriko dituzte langileen etxolak. Ondorioz, aparkaleku batzuk kendu beharko dituztela azaldu du udalak. Beheko San Jose kalean bidea moztuko dute tarteka, udaltzainen laguntzaz. Bileran azaldutakoaren arabera, igogailuaren egitura metalikoa ezartzean izango da eragin handiena. Udalak hala eskatuta, auzoko eraikinen egoeraren azterketa egingo dute lanak hasi aurretik. Altuna y Uria enpresak, bere aldetik, bizilagunekin harremanetan egongo den arduraduna jarriko du. Horrez gain, aurrez emango diete bizilagunei kale mozketen eta aldaketen berri. 2011-2015 udal agintaldian zehaztu zuten San Jose kaleko irisgarritasuna eta ibilgailuen joanetorria hobetzeko plana. Irisgarritasuna hobetzeko lehen urratsak ere egin zituzten: San Jose kaleko goiko eraikinen horma bat bota eta San Juan egoitzara iristeko arrapala eraiki zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide