Ostegunean egin zen iraileko osoko bilkuran onartu zen Torreagako orubean etxebizitza berriak eraikitzeko hitzarmena EAJ-PNV, PSE-EE eta Jon Iraolaren aldeko botoekin. Hitzarmen horrekin, guztira, 250 etxebizitza egingo dira Torreagaberrin: 50 babes ofizialeko, 50 tasatu eta 150 libre. Oier Korta alkateak azaldu zuenez, «guretzat hitzarmen hau garrantzitsua da, izan ere, babes ofizialeko etxeak eremu honetan egingo dira. Bere garaian gai honi heldu zitzaionean, Puntanuetan egitekoak ziren. Baina orain, hitzarmen berriari esker, denak Torreagaberrin egingo dira». EH Bilduk, aldiz, abstentzioa eman zuen. Josu Arrieta EH Bilduko zinegotziaren arabera, «babes ofizialeko etxe gehiago lortzeko aukera dago, baina hitzarmena ez dugu oztopatu nahi, beraz, abstenitu egingo gara».
Proposamenen atalean, berriz, aho batez onartu zen EH Bilduk hondartzetako sorospen zerbitzuari buruz aurkeztu zuena. Taldearen iritziz, Gipuzkoako sorosle zerbitzua Aldundiak kudeatu beharko luke. «Behin kudeaketa hori hartuta, kontratazioak ere Aldunditik egin beharko lirateke», esan zuen Alex Oliden zinegotziak. Alkateak bere aldetik adierazi zuen dagoeneko eskaera hori lantzen ari direla Aldundian: «Kostako herriekin elkarlanean ‘Hondartzen Kudeaketa Integrala Mahaia’ izeneko lantaldean ari gara gai horrekin».
Alokairu Bekan aldaketak
Alokairuen Bekari bi hobekuntza gehitzea izan zen EH Bilduk aurkeztu zuen bigarren proposamena.Alde batetik alokairuaren gehienekoa 600 eurotik 700era igotzea; bestetik, errolda epea 10 urtetik 2 urtera jaistea. «Gure ustez, Zumaiako alokairuaren errealitatea ez dator bat beka honek muga bezala jarrita duen diru kopuruarekin, hau da, 600 eurorekin. Horregatik, 700 eurotara igotzea eskatzen dugu. Bide batez, gazte gehiagori laguntzeko beraien emantzipazio prozesuan, errolda epea 2 urtekoa izatea proposatzen dugu», azaldu zuen Arritxu Iribar EH Bilduko zinegotziak.
Arritxu Marañonek, PSE-EEko zinegotziak, bat egin zuen proposamenarekin. «Orokorrean ados nago programa horrekin, baina errolda epea jaistea garrantzitsutzat jotzen dut, horregatik baiezkoa emango dut», nabarmendu zuen. Udal Gobernuaren iritziz, ordea, «beka honek norbanakoari eragiten dio eta pisuak partekatzeari eta ikasleei bultzada emateko helburua du. Beka martxan jarri zenean Zumaiako alokairu merkatuaren azterketa sakona egin zen eta 600 euro edo gutxiagotik etxeak badaudela ondorioztatu genuen. Gaur egun, alokairu beka ez den bestelako laguntza soziala jasotzen duten 85 etxebizitza daude alokairuan Zumaian, eta horietatik %85, 600 euro baino merkeagoko alokairua dute». Horrez gain, kezkatuta azaldu ziren Udal Gobernuko kideak: «Beldur gara errolda epearen jaitsierak inguruko gazteak erakarri, eta gazte zumaiarren lehentasuna albo batera uztea. Gainera, Udalak alokairurako gero eta diru laguntza handiagoa eskaintzen badu, etxebizitzen jabeek are garestiago jarri ahal izango dute etxearen alokairua, horrek, merkatuan prezio igoera eraginez”.
Azkenik, EH Bildu, PSE-EE eta Jon Iraolaren aldeko botoekin, eta EAJ-PNVren abstentzioarekin aurrera atera ziren aurkeztutako bi proposamenak.