Eskualdeko adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak grebara deitu ditu ELAk

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 27a

Hitzarmen berriak adosteko negoziaketak "blokeatuta" daudela eta, 17 greba egun iragarri ditu sindikatuak urtearen amaiera bitarterako. Bihar elkarretaratzea egingo dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzaren aurrean.

Azkoitiko San Jose egoitza. (Nerea Uranga) Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak grebara deitu ditu ELA sindikatuak. Hitzarmen berriak adosteko negoziaketak "blokeatuta" daudela eta, akordio horiek berritzea eskatzen dute. 17 greba egun iragarri ditu sindikatuak urtearen amaiera bitarterako. Bihar izango da lehen greba eguna, eta urriaren 24tik 26ra, azaroaren 26tik 30era eta abenduaren 24tik 31ra egingo dituzte gainontzeko lanuzteak. Bestalde, bihar elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzaren aurrean. Urola Kostan, honako zentro hauetako langileak daude grebara deituta: Azkoitiko San Jose egoitza, Azpeitiko San Martin egoitza, Zumaiako San Juan eta Otezuri egoitzak eta Zarauzko Santa Ana egoitza nahiz Azpeitiko, Zumaiako, Getariako, Zarauzko eta Orioko egunerko zentroak. Zentro horietan gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte greba egunetan. ELAk azaldu du sozializazio kanpainak egin dituela hitzarmen berri bat eskatzeko, eta patronala eta diputazioa ez direla "mugitu" ikusita, beharrezkoa ikusi dutela grebara jotzea, "presioa egiteko". Sindikatuak azaldu du grebak "oihartzun ona" izango duela espero duela.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide