Kalparsororen heriotzak argitu gabe jarraitzen duela gogoratuko dute asteburuan Zumaian

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 26a

Ostiralean hasi eta igandera arte, ekitaldi ugari antolatu dituzte haren senitartekoek eta herritarrek. Igandean egingo dute ekitaldi nagusia, 13:00etan Aita Mari zineman. 'Txiki', Otaegi eta Etxaide oroitzeko ekitaldiak ere antolatu dituzte; Zarautzen, Azpeitian eta Zestoan.

Hogeita bost urte joan dira Xabier Kalparsoro gaztea hil zenetik. Oraindik bere heriotzak argitu gabe jarraitzen duela gogoratzeko eta egia «itzaletik argira ateratzeko» garaia dela aldarrikatzeko, ekitaldi ugari antolatu dituzte Zumaian haren senideek eta zenbait herritarrek. 1993ko irailaren 23an udaltzainek Durangon atxilotu zuten; handik, Indautxuko polizia etxera eraman zuten, eta ondoren erietxera, koma egoeran. Bertsio ofizialaren arabera, polizia etxeko leiho batetik bota zuen bere burua. Handik bi egunera hil zen, 1993ko irailaren 26an. Nolanahi ere, gerora argitara atera ziren hainbat datuk kontraesanak azalerazi zituen bertsio ofizialean. Hala, tortura eta poliziaren indarkeria salatu zuten Kalparsororen gertukoek. «Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, egileen inpunitatea gailendu da juridikoki», azaldu dute antolatzaileek. Horrez gain, gaineratu dute inorrek ez duela egindakoa aitortu, ezta ordaindu ere. Duela hiru urte Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostenak Kalparsororen heriotza gehiago ikertu beharreko kasuen artean dagoela zehaztu arren, ezer egin ez izana salatu dute. Iaz hil zen Maite Golmaio Xabier Kalparsororen ama, eta Golmaioren kasuan «berandu» izango den arren, egia aitortzea nahi dutela adierazi dute. Hainbat zumaiar aritu dira heriotzaren 25. urteurrena antolatzen, senitartekoekin batera. Haien hitzetan, gordina da errealitatea: «Herritarrek egiten ez badugu, ez du inork egingo». Instituzioek kasuaren aurrean izandako jarrera salatu dute: «Herri mailan ere, 25 urteren ondoren, kasu hau oharkabean pasako litzateke». Aurrera begira jartzeko, gertatuakoa kontatzean dago gakoa antolatzaileentzat; ez zauriak gehiago irekitzeko, leuntzeko baizik. Egoera politikoa aldatu dela iruditzen zaie, «sufrimendu guztiarekin amaitu ez den arren». Kasuan eragile eta agintari ugari dagoela uste dute, besteak beste, «Eusko Jaurlaritzan zeudenetatik hasi eta Madrileraino». Kalparsorok berak gutun baten bidez Ertzaintzaren ezkutuko galdeketak eta torturak salatu zituela gogoratu dute, «polizia espainiarraren kalabozoetan hil aurretik». Egia aitortua izateko aldarria hauspotu nahi dute urteurrenaren bitartez. Egitaraua Irailak 28, ostirala 20:00. ‘Anuken Egia’ dokumentalaren emanaldia eta solasaldia, Torreberri gaztetxean. Irailak 29, larunbata  13:00. Urteroko lore eskaintza, labarrean. Ondoren, Inpernupeko joareak. 14:30. Herri bazkaria. Bazkalondoren, Ainubeko Troba (Silvio Rodriguezen bertsioak). 20:00. ‘Denak etxera!’ maindire ilara, Magnolioan. 22:30. Skabidean, El sonido de la metralla eta Panico musika taldeen kontzertuak, Torreberri gaztetxean. Irailak 30, igandea 13:00. Ekitaldi nagusia, Aita Mari zineman.   Txiki’ eta Otaegi gogoan 43 urte beteko dira bihar Francoren erregimenak ETAko kide Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra hil zituela, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Herriko gudariak omentzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte Azpeitian bihar eta igandean. Bihar, ikasleek elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan hasita Sanjuandegiko biribilgunean. Arratsaldean, aldiz, Angel Otaegiren omenezko lore eskaintza egingo dute Nuarbeko hilerrian. Igandean jarraituko dute Gudari Egunaren harira antolatutako ekintzek. Hilaren 30ean mendi martxa egingo dute Nuarbera. Martxara animatzen diren herritarrak 9:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 12:30ak aldera, ekitaldia egingo dute Nuarben bertan. Han gogoan izango dituzte Otaegi zein Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo. Ondoren, hamaiketakoa izango da bertaratzen diren lagunentzat. Zarautzen, aldiz, «borrokalari antifaxisten eta erregimen frankistaren biktimen omenez» ekitaldia antolatu dute Zarauzko hilerrian. Gaur izango da, 12:00etan. Etxaideren oroimenez 1985eko irailaren 25ean, GALek Xabin Etxaide zestoarra eta beste lau euskal herritar hil zituen, Baionako Monbar hotelean egindako atentatuan. Hilketaren urteurrena dela eta, Etxaide omentzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Aurten, hilketaren 33. urteurrena beteko da, eta larunbatean egingo diote omenaldia. 09:00etan, mendi irteera egingo dute Ertxinara, eta 13:00etan, Etxaideren omenezko monolitora joango dira kalejiran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide