Bilboko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte hainbat herritan

Urola Kostako Hitza 2018ko irailaren 26a

Emakume bat hilda aurkitu zuten atzo Bilboko etxebizitza batean, indarkeria zantzuekin, eta Ertzaintzak haren bikotea atxilotu du. Azpeitiko Udalak gogor salatu du hilketa.

Emakume bat hilik aurkitu zuen Ertzaintzak atzo eguerdian Bilboko etxebizitza batean, indarkeria zantzuekin, eta haren bikotekidea atxilotu zuten ertzainek arratsaldean Mutrikun. Hilketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte datozen egunetan eskualdeko hainbat herritan. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, mehatxuengatik salatua zuen bikotekidea Maguette Mbeugouk. Atzo bizilagun batek deitu zuen Ertzaintzara, eta orduan joan dira ertzainak etxera. Han topatu zuten emakumearen hilotza. Mbeugouk indarkeria matxistak aurten Euskal Herrian eraildako seigarren emakumea da Bilbokoa. Honako herri hauetan izango dira mobilizazioak:
  • Azpeitia: Basanderiek asanblada feministak deituta, gaur, asteazkena, egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan, plazan.
  • Zumaia: Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, bihar egingo dute elkarretaratzea, Saregileen plazan, 20:00etan.
  • Azkoitia: Sostenipe talde feministak deituta, bihar egingo dute kontzentrazioa, 19:00etan hasita, plazan.
  • Zarautz: Zarauzko Sare feministak deituta, ostiralean egingo dute kontzentrazioa, 19:00etan Lege Zaharren Enparantzan.
  • Zestoa: Zestoako Txoko Feministak deituta, bihar egingo dute elkarretaratzea, 19:30ean, plazan.

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek gogor salatu dute hilketa

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek gogor salatu dute atzo Bilbon izan zen hilketa matxista. Erakundeek elkartasuna adierazi diete hildakoaren senideei eta gertukoei. Azpeitiko Udalak goizean kaleratu du oharra, eta herritarrei erasoa salatzeko antolatutako egitasmoetan parte hartzeko deia egin die. Udalak bat egin du Basanderiek asanblada feministak gaur arratsalderako plazan deitu duen elkarretaratzearekin. Erakundeak azaldu duenez, indarkeria matxista gizartean sortutako "arazo benetan larria" da. "Giza eskubideen urraketarik ez du onartzen Udalak, ez Azpeitian, ez beste inon". Udalak urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarren ardura ere badela gogorarazi du. Erakundeak gogorarazi du erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero Udaltzaingora, Ertzaintzara edota Larrialdi Zerbitzuetara deitzeko "ezinbesteko betebeharra" dutela herritarrek. "Denon ardura eta betebeharra da indarkeriari aurre egitea". Azpeitiko Udalak berretsi du egunerokoan ikastetxeetan bultzatzen ari diren hezkidetza programen bidez, pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela. Azkoitiko Udalak, berriz, Eudelen testuarekin egin du bat, eta adierazi du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alerdi bat baino ez duela erakusten; izan ere, erakundearen arabera, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da. "Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina", azaldu du Azkoitiko Udala. "Tragedia honek berriro dakarkigu gogora erakundeok eta gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure herían berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei", gaineratu du. Azkoitiko Udalak azaldu duenez, "bat" egiten du erasoa salatzeko antolatutako egitasmo guztiekin. Hona hemen indarkeria sexista kasuetarako telefono baliagarriak:
  • Ertzaintza: 943 08 37 80
  • Larrialdi Zerbitzuak: 112

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide