Jose Mari Sarasola, Mireya Barrutieta eta Ainhoa Sarasola.
Herritarrei ongizatea bilatzen laguntzeko asmoz, K zentroa zabaldu berri du Jose Mari Sarasolak, Loiolako Inazio Hiribideko 33. zenbakian. Terapiak eskaintzeaz gain, askotariko ikastaroak nahiz tailerrak antolatzen dituzte bertan: besteak beste, yoga, meditazioa, elikadurari lotutako saioak...
Hiru gunetan banatuta dago K zentroa. Sarreran, osasungintzara eta terapiara bideratutako gune bat dago, eta horren ardura Jose Mari Sarasolak izango du. Pixka bat barrurago, askotariko ekintzak egiteko beste espazio bat dago, eta Mireya Barrutietak gidatuko du gune hori, Sarasolaren emazteak. Hirugarren atala kudeaketara bideratutakoa izango da, eta horren ardura Ainhoa Sarasolak izango du, Jose Mariren arrebak.
Ez da kasualitatea espazioari K zentroa izena jarri izana, Jose Mariren arabera. "Gure familian
k hitza oso garrantzitsua da. Batetik, gure ume bakoitzaren izenak
k hitza darama. Gainera, zenbaki sakratua da
k: 11 zenbakiaren adierazlea da, eta zeruaren eta lurraren arteko konexioa islatzen du. Bihotzetik irekita egotearen garrantzia adierazten du
k hitzak, eta guretzat ezinbestekoa da bihotza zabalik mantentzea denbora guztian. Bihotza irekitzeko espazio bat izango da hau".
Dagoeneko martxan da K zentroa. Jose Marik terapiak eskaintzen ditu bertan duela denbora batetik, eta hainbat ikastaro ere antolatu dituzte dagoeneko: joan den astean familia konstelazioak landu zituzten, Barrutieta urrian hasiko da haurrei yoga saioak eskaintzen...
4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioak emango ditu Barrutietak, Sentituz Bizi izena daraman proiektuaren barruan. Hain zuzen ere, umeek beren buruarekin konektatzeko eta disfrutatzeko aukera izaten dute saio horietan: "Yoga eta meditazioa lantzen ditugu, arnasketak egin, ipuinak kontatu, abestiak kantatu... Disfrutatuz, helduagoak direnean beren buruarekin ez deskonektatzeko ohiturak hartzen dituzte. Bakoitzak bere erremintak topatzea eta ondo sentitzea da asmoa", azaldu du Barrutietak.
Aurrera begira, beste hainbat saio antolatzeko asmoa ere badute: esaterako, azaroaren 1ean Francisca Ruiz Ramirez izango da K zentroan, helduentzat heriotzari lotutako ipuinak kontatzen. Horrekin batera, ikastaro bat ere emango du, jendeari bihotza irekita mantentzen laguntzeko. Bestalde, askotariko adituak ekartzeko asmoa dute zentrora: besteak beste, makrobiotika lantzen duen aditu bat, beste terapeuta bat eta optometrista bat –hainbat ariketaren bidez ikusmena hobetzen laguntzen du–. Haurdunentzako tailerrak eskainiko dituzte...
Adin guztietako jendearentzako daude K zentroko ateak zabalik. Bere ongizatea bilatzeko zerbait egin dezakeela iruditzen zaion edonork jo dezake gune horretara. "Barruan zerbait mugitzen zaion edonor etor daiteke espazio honetara", azaldu dute.
Irailaren 28an inauguratuko dute gunea, eta egun osoko ate irekiak egingo dituzte. Espazioa ezagutu nahi duen edonor joan daiteke bertara, eta hainbat saio probatzeko aukera izango du: meditazioa, yoga hormonala, Sentituz Bizi haurrentzako saioa... Yoga hormonala hormonalki ondo ez dabilen jendearentzako da, Jose Mariren esanetan: "Menopausian dauden emakumeei, haurdun gelditu ezin dutenei, hilerokoarekin mina edo tiroidesarekin arazoak izan ohi dituztenei... laguntzen diete saio horiek. Izan ere, ariketen bidez, hormonak erregulatzen zaizkie".
Informazio gehiago nahi duenak
info@kzentroa.com helbidera idatz dezake, eta K zentroan antolatzen diren ekintzen berri emango diote