600 kirolari lehiatuko dira etzi jokatuko den Zumaiako Triatloian

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko irailaren 6a

Federatu gabekoen proba herrikoia eta esprint proba jokatuko dituzte kirolariek. Ekainetik ari dira antolatzen Zumaiako Triatloi Taldekoak, eta guztia prest dute jada.

Esprint probaren hasierako irudi bat, iaz. (Argazkia: Baleike.eus) Zumaiako Triatloi Taldeak antolatuta, esprint proba eta herrikoia jokatuko dira larunbatean. 15:30ean abiatuko dira proba herrikoiko triatletak: 350 metro egingo dituzte igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Federatuen proba, berriz, 16:45ean hasiko da eta distantzia bikoitza osatu beharko dute kirolariek. 200 jokalarik hartuko dute parte proba herrikoian, eta 400 lehiatuko dira federatuenean. Andoni Agirre izan da urte askotan triatloi taldeko presidentea, eta Joseba Amilibiak hartu zuen iaz haren lekukoa. «Agirre izan zen triatloiaren sorreraren erruduna. Hilzorian zegoen taldea bera ere, eta berak atera zuen aurrera». Nahiz eta izen-emateak bete eta proba «polita» izan, krisi momentua izan zuen taldeak duela urtebete. «Karga handia zen, eta egiten genuen lan horrek merezi ote zuen pentsatzen egon ginen antolatzaileak». Horregatik guztiagatik, triatloia antolatzeko lan taldeak sortu eta lana banatzea izan du helburu Amilibiak. Nolanahi ere, antolatzen parte hartzen dutenek errepikatu egiten dutela dio: «Zer lan dagoen ikusten dute, eta ondorioz, gehiago inplikatzen da». Haurren duatloia antolatzen dute ekainean. «Horren ondoren, irailera begira jartzen gara. Astero bilera bat egiten dugu», azaldu du Amilibiak. Lan guztiak aurrez egiten saiatzen da taldea, baina azken astean kontu pila bat izaten dituzte lotzeko: «Boluntarioak lotu behar dituzu, udaltzainekin hitz egin, federazioarekin... zoramena izaten da azken aste hau, baina ezin izaten diogu uko egin». Borondatez egiten dute lan triatloi taldekoek, eta batzuetan nekagarria ere badela aitortu du Amilibiak. «Hori, esaterako, udalari transmititu nion. Aurten, hala ere, pozik gaude udalak, boluntarioek eta gainontzeko herrietako triatloi taldeek erakutsi duten jarrerarekin». Zehazki, Getariako eta Zarauzko taldeekin egin dute harremana. Bertan jokatutako probetan izan ziren zumaiarrak laguntzen, eta Zumaian izango dira haiek ere etzi. «Horrez gain, asko lagundu digute herriko piraguistek, Olarru-Subek... giro oso mesedegarria dagoela iruditzen zait aurten, eta zorteko gara», azaldu du triatloi taldeko presidenteak. Guztira, 130 boluntario izango dira Zumaian etzi, eta eskertuta agertu da Amilibia laguntzarekin. Proba herrikoia Triatloi taldeak duela urte batzuk egin zuen federatu gabekoentzat triatloi herrikoia antolatzeko apustua. «Zaila izaten da, proba herrikoiak ez duelako dirurik ematen. Parte hartzaileek, gainera, zalantza asko izaten dituzte eta lagundu egin behar izaten diegu». Hala ere, antolatzen jarraituko dutela dio: «Gipuzkoa osoan, Hondarribian eta Zumaian soilik antolatzen dira triatloi proba herrikoiak. Jendeak eskertu egiten du, eta antolatzen jarraituko dugu». Proba laua da, eta horrek izen-emateak betetzen asko laguntzen duela iruditzen zaio Zumaiako triatloi taldeko presidenteari. Esprint proba amaitu bezain laster ekingo diote sari banaketari antolatzaileek: 19:00ak aldean izango da hori, anbulatorio zaharraren parean. Parte hartzaile guztientzat opariak izango direla aurreratu dute triatloi taldekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide