Irati Osa zumaiarrak munduko piraguismo txapelketa jokatuko du bihar

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko irailaren 5a

22,6 kilometroko estropada jokatuko du zumaiarrak 23 urtez azpiko mailan .Denboraldi aparta egin du Itxas-Gaineko piraguistak eta emaitza onarekin bukatzea du helburu

Irati Osa, Europako txapelketako une batean. Piraguismoa berriro hizpide izango da Zumaian. Orain hamar egun Iñigo Peña izan zen protagonista, sprinteko munduko txapelketan lortutako bi dominei esker. Irati Osa gaztearen txanda da orain. Itxas-Gaineko piraguistak maratoiko munduko txapelketa jokatuko du 23 urtez azpikoen mailan, Espainiako selekzioko kide gisa. Portugaleko Vila de Prado herrian jokatuko da txapelketa. Osak 11:50ean (Portugaleko orduan) izango du bihar estropada. 22,6 kilometroko proba egin beharko du. Cavado ibaian prestatutako zirkuituari sei itzuli eman beharko dizkio, bost eramaterekin. «Garraioak nolakoak izango diren esan digute dagoeneko. Estropada eremua ezaguna dut, orain pare bat urte Munduko Kopako proba batean lehiatu nintzen-eta bertan», azaldu du txapelketaren atarian. 20 urteko zumaiarra atzo zen joatekoa Portugalera hamar egunez Madrilgo Blume errendimendu handiko zentroan egon ondoren. Atzo bertan ibaian entrenatzeko asmoa zuen Osak. Egindako denboraldi apartaren emaitza da munduko txapelketa honetan parte hartzea. Denboraldiarekin gustura dagoela esan du Osak. «Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazi ditut pistan, baita Euskadikoa maratoian ere. Espainiakoan ere podiumean izan nintzen. Urtetik urtera hobetzen ari naiz, urtero maila bat igoko banu bezala ari naiz». Irati Osak eta Arantza Toledo Gaztela-Mantxako piraguistak ordezkatuko dute Espainia bihar jokatuko den estropadan. Ez da ezustekoa izan munduko txapelketara iristea. «Sailkatze estropadako lehen biak sailkatu ginen txapelketa honetarako. Denboraldian zehar Arantza eta biok ibili gara aurretik proba guztietan. Oraingoz ez zaigu inor hurreratu mundialerako postuak arriskuan jartzeko moduan». Jakitun zen, baina, maratoia bezalako proba luzeetan edozer gauza gerta daitekeela. «Arazo fisiko bat izan dezakezu, gaixotu edo lehen postuan zaudenean irauli eta aukera guztiak galdu. Banekien, ordea, ezer arraroa gertatu ezean munduko txapelketan izango nintzela». Maila goreneko piraguismoko txapelketetan aritua da Osa. «Jubenil mailan bitan izan naiz munduko txapelketan. Baina haiek K-2an izan ziren, eta orain bakarka arituko naiz; gainera, 23 urtez azpikoen mailan». Hamar onenen artean sailkatzearekin pozik izango da piraguista zumaiarra. «Aurtengo Europako txapelketan seigarren egin nuen, baina mundukorako erreferentziarik ez dut. Maila handiena Europan dago, baina ez dakit beste herrialdetakoek zein maila duten. Lehen hamar edo hamabiren artean sailkatzea espero dut. Saiatuko naiz, behintzat». Denboraldi luzea Orain ia urtebete hasi zuen Osak denboraldia, eta amaitu eta atseden pixka bat hartzeko gogoarekin sumatzen da. Aurtengo urtea amaitu ez badu ere, datorrenera begira dago piraguista gaztea. «Ostegunean amaituko dut denboraldia; larunbatean itzuliko naiz etxera eta atsedena hartuko dut. Ondoren itzuliko naiz uretara. Oso luzea egiten da denboraldia. Hurrengo urtean, gainera, Munduko Txapelketa Txinan jokatuko da, urrian. Sasoia bukatu orduko berriro entrenatzen hasten banaiz, 2019ko mundialera heltzerako urtebete baino gehiagoko denboraldia izango nuke gainean. Entrenatzaileekin hitz egin beharko dut urtea dosifikatzeko eta lan kargak planifikatzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide