Uharteko hilketa matxista salatu dute eskualdeko hainbat herritan

Urola Kostako Hitza 2018ko abuztuaren 30a

Joan zen larunbatean Uharten jazotako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur arratsaldean eskualdean. Azkoitian, Sostenipe talde feministak deituta egin dute protesta, herriko plazan, Emakumeak aske eta bizirik lelopean. Azpeitian, Basanderiek asanblada feministak deituta elkartu dira dozenaka lagun plazan, Emakumeon kontrako indarkeriarekin amaitu! lelopean. Zumaian, mugimendu feministak deituta elkartu dira hainbat lagun Saregileen plazan, Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista! lelo hartuta. Joan zen larunbatean aurkitu zuten eraildako emakumea Uharten. Zaurituta zegoen bilatu zuten unean, eta Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzura eraman zuten anbulantzian. Han hil zen astelehenean. Eraildako emakumearen senarra preso sartu zuten asteartean, emaztea hiltzea egotzita. Zumaian, aste honetan herrian bertan gertatutako eraso sexisten berri emateko baliatu dute elkarretaratzea. Hainbat emakumek etxera bidean jarraipenak sufritu dituztela eta beste hainbatek keinu lizunak jasan behar izan dituztela ere salatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide