Zumaiako Lubaki kiroldegia.
Irailetik abendura bitartean Lubaki kiroldegian emango diren ikastaroetarako izen-emate epea astelehen honetan zabaldu da.
Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez eta bazkideek eta bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute. Ikastaroen txanda honek hiru hilabeteko iraupena izango du. Hiruhilekoa irailaren 24tik abenduaren 21a bitartean izango da, eta interesdunek irailaren 3tik aurrera eman ahal izango dute izena kiroldegian bertan.
Ohikoa den bezala, 2018-2019 ikasturteko neguko ikastaroetan, lehorreko zein uretako jarduerak eskainiko dira.
Lehorreko ikastaroei dagokienez, ohiko cycling, pilates, aerobic, gap edota zumbako jarduerak egongo dira aukeran. Azken ikastaro horren kasuan, gainera, azken urteotan bezala, 6-15 urte bitarteko haurrentzat saioak ere eskainiko dira, adinaren arabera talde ezberdinetan banatuta.
Horrez gain, TRX edota total training ikastaroek izandako arrakasta aintzat hartuta, ikasturte berriari begira, aipatu jardueren eskaintza areagotu da.
Uretako jardueren kasuan, igeriketa ikastaroak eskainiko dira aurten ere, haur, gazte zein helduentzat, hori bai, adin eta igeriketa mailaren arabera multzokatuta.
Boxeo eskola
Zumaia Cuban Boxing klubak antolatutako boxeo eskola irailean izango da bueltan. Helduen klaseak irailaren 3an hasiko dira, eta haurrenak irailaren 11n.
Helduei dagokionez, goizeko klaseak astelehenetan eta asteazkenetan izango dira, 10:35etik 11:45era. Arratsaldekoak, berriz, asteartetan eta ostegunetan izango dira, 19:15etik 20:45era bitartean.
Haurren klaseak, berriz, asteartetan eta ostegunetan izango dira, irailaren 11tik aurrera, 18:15etik 19:15era.
Boxeo eskolan izena eman nahi dutenek telefono honetara deitu dezakete: 606 10 76 33 (Ruben).