Ander Etxegoien Boiron. (Javier Lopez/Eusko Label Liga)
Iraila iristear da, eta arraun taldeak denboraldiko hitzordurik garrantzitsunari begira daude dagoeneko. Ostegunean jokatuko da Donostiako Estropadako sailkapen proba, eta eskualdeko taldeek bere bertsiorik onena eman nahi dute bertan. Euskotren Liga, KAE 1 eta KAE 2 ligak abuztuan amaitu dira, eta emaitza onak lortu dituzte eskualdeko arraun taldeek. Alde batetik, emakumezkoen gorengo mailan Orioko txalupa bigarren postuan sailkatu da, eta udak aurrera egin ahala hobekuntza nabarmena egin dutela azpimarratu dute adituek. Orioko emakumezkoen traineruko patroi Nadeth Agirrek aitortu du "urrats bat aurrera" egin dutela ligan. "Hasieran bigarren postuarekin konformatzen ginen, baina estropadak jokatu ahala ohartu ginen San Juanengandik gero eta gertuago geundela, eta banderak irabazteko lehian ibili gara. Maila onean iritsi gara Donostiako Estropadara". Osteguneko erlojuaren aurkako estropadan emakumezkoen zortzi traineruk lortuko dute Kontxako Bandera jokatzeko txartela. "Argi dugu estropadaz estropada joan behar dugula, eta lan ona egiteko gogoz gaude, indartsu".
Gainera, aurten berrikuntza nabarmena izango du Donostiako Estropadak. Izan ere, Donostiako Udalak gizonezkoen eta emakumezkoen sari ekonomikoak berdindu nahi izan ditu, eta aurten gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriako txapeldunek, txapeldunordeek eta hirugarren sailkatuek sari berdinak jasoko dituzte.
KAE 1 Liga amaituta
KAE 1 Liga abuztuaren 18an amaitu zen Bilbo Hiria Bandera estropadarekin, eta eskualdeko taldeak "gustura" daude denboraldian zehar egin duten lanarekin. Zumaiako taldeak 9. postuan amaitu du KAE 1 liga, 8. postuan sailkatu den Arkoterekin 66 puntutan berdinduta. Xabier Altzibar arraunlariaren esanetan, "helburua bete"» dute. "Hainbat astez 10. postuan kokatuta egon gara, play-offa jokatzeko arriskuarekin. Hala ere, azkenean bederatzigarren sailkatu gara, eta gustura gaude, maila mantentzea lortu dugulako". Osteguneko sailkapen estropadan ahal den mailarik txukunena ematea, eta "arraunean gozatzea" da zumaiarren asmoa.
Zarautz bosgarren postuan sailkatu da KAE 1 Ligako sailkapen orokorrean, eta ligan zehar "behetik gorako joera" izan dutela azpimarratu du Gari Uranga entrenatzaileak. "Urtean zehar arazoak izan ditugu entrenamenduetarako biltzeko; arraunlari batzuk kanpoan ikasten ari ziren eta beste batzuk erreleboka egiten zuten lan. Horregatik, udan partean hasi gara denok elkarrekin entrenatzen, eta emaitzetan antzeman egin da". Ostegunari begira, ahal den lanik onena egitea da
Enbata-ko arraunlarien asmoa. "Kontxa jokatzeko sailkatzea ez dago gure helburuen artean, baina gure onena eman nahi dugu sailkapen estropadan, gainontzeko taldeekin alderatuta non gauden ikusteko".
Zarauztarren asmo bera dute getariarrek ere. Izan ere, laugarren postuan amaitu dute liga, baina estropadaz estropada hobetzen joan direla uste du Andoni Campos arraunlariak. "Ligako azken estropadetan eman dugun maila erakutsi nahi dugu Kontxako estropadako sailkapen estropadan, eta azken jardunaldietan arraunean izan ditugun sentipenak berreskuratu nahi ditugu uretan", aitortu du.
Galizian estropada
Asteburuan Galizian jokatu zituzten Eusko Label Ligako estropadak, eta ez zen ezustekorik izan. Boirokoa estropada eremu gorabeheratsua dela nabarmendu zuten adituek; dena dela, muskuilu haztegi artean jokatu zuten estropadan Urdaibaik asteburuko bigarren bandera irabazi zuen, eta ligako baderatzigarrena. Oriotarrek ohorezko txandan jokatu zuten, eta irteera bikaina egin zuten, hasieran estropadaren buruan jarriz. Hala ere, gertu izan zituen uneoro Urdaibai eta Hondarribia, eta seigarren minututik aurrera bizkaitarrek eta Bidasoako ontziak aurre hartu zioten eskualdeko taldeari, eta pixkanaka tartea handituz joan ziren. Urdaibaik eta Hondarribiak lehia estua jokatu zuten Boiroko bandera irabazteko, eta atzetik jarraitu zieten oriotarrek traineru bateko diferentziarekin.
Urdaibai izan zen azkarrena igandeko estropadan, eta lau segundura iritsi zen Hondarribia. Oriok Hondarribiaren uberan egin zituen azken metroak eta Urdaibairengandik 7,78 segundura helmugaratu zen. Hirugarren postuan sailkatu baziren ere, oriotarrak gustura daude igandean egindako lanarekin. "Galiziakoak ur geldiak dira, eta azken urtetan Urdaibai gainontzekoak baino hobeto moldatu izan da mota horretarako estropada eremuetan. Hala ere, guk lan ona egin genuela uste dugu», azaldu du Iñigo Mujika arraunlariak.
Orain Donostiako Estropadari begira daude oriotarrak, eta jakin badakite lau-bost traineru oso parekatuta dabiltzala. "Donostiako Estropada zerotik hasten da. Faktore askok eragiten dute Kontxan, eta ahal dugun lanik onena egitera aterako gara uretara datozen jardunaldietan, bandera irabazteko lehian egoteko», adierazi du Orioko arraunlariak.
Patroi onena
Bestalde, Boiroko estropadan Ander Etxegoien getariarrak patroi onenaren saria eskuratu zuen. Lehenengo denboraldia du Etxegoienek Eusko Label Ligan; orain arte Getariako ontziaren patroia izan da Etxegoien, eta aurten egin du salto gorengo mailara, San Pedroko patroi bezala. Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, patroi onenaren saria eskuratu du matematikoki, sailkapenean bigarrena den Ioseba Amunarriz Hondarribiako patroia zazpi puntutara dago. Boiroko Caixabankeko zuzendaria den Francisco Sarasquetek eman zion mailota igandean.