'Agur Etxebeste!' filmeko aktoreak eta zuzendariak gaurko aurkezpenean. (Agur Etxebeste)
Aupa Etxebeste! filma osatu zuen familia berriz ere batu da; izan ere,
Agur Etxebeste! filma grabatzen hasiko dira datorren astelehenean. 2005ean kaleratutako film haren bigarren atala izango da
Agur Etxebeste!, eta lantalde bera ariko da grabaketetan. Hain zuzen ere, Irusoin ekoiztetxearen eskutik eta Asier Altunaren eta Telmo Esnal zarauztarraren gidaritzapean ariko dira lanean Ramon Agirre (Patrizio), Elena Irureta (Maria Luisa), Paco Sagarzazu (Luciano), Iban Garate (Iñaki), Iñake Irastorza (Axun) eta Patxi Gonzalez (Exenarro) aktoreak. Irureta zumaiarra da eta Garate azkoitiarra.
Filmaren zati gehienak Bergaran grabatuko dituztela aurreratu dute gaur lantaldeko kideek, baina Zarauztik ere igaroko dira. Izan ere, hastear duten proiektuaren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute gaur. Filma 2019an estreinatzea aurreikusten dute haren ekoizleek.