Peña zumaiarra eta Cubelos bigarren izan dira bere txandan, eta finalaurrekoa jokatuko dute bihar

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko abuztuaren 23a

Portugalen jokatzen ari diren sprint modalitateko Munduko piraguismo txapelketaren barruan, Iñigo Peña zumaiarrak lehen estropada izan du gaur goizean. Francisco Cubelosekin batera K-2 1.000 metroko proba izan dute. Bigarren izan dira Serbiako bikotearen atzetik.

Lehen estropadako photo finisheko irudia. Atzetik aurrerako estropada egin dute Peñak eta Cubelosek. 250 metroko partzialean laugarren ziren, hirugarren 500 metrokoan eta laugarren berriro ere 750 metroko partzialean. Azken txanpan bi postu aurreratu dituzte eta bigarren postuan sailkatu dira, hasieratik buruan joan diren serbiarren atzetik 4 segundora. Serbiako bikotea zuzenean sailkatu da finalera. Gaurko txandan aritu diren beste sei ontziek finalaurrekoetan jakingo dute finalean izango diren edo ez. Peña eta Cubelos lehen finalaurrekoan arituko dira, bihar, 9:30etik aurrera. Aurkariak Argentinako, Frantziako, Portugaleko, Australiako, Txekiar Errepublikako, Norvegiako, Hungariako eta Bretainia Handiko piraguistak izango dituzte. A finalean sartzeko lehen hiruren artean sartu beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide