Aitor Aristi: “Entrenatuta eta gogoa jarrita egin dugu aurrera”

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko abuztuaren 22a

Gaztea da Aitor Aristi patroia, baina zazpi denboraldi osatu ditu dagoeneko arraunean. Azken hiru estropadetan kanporaketa jokatzeko arriskua gaindituta, Kontxako sailkatze estropada “sari bezala” hartuko dutela dio Aristik.

-Zein erronka izan dituzue denboraldi honetan? Nola prestatu zarete neguan horretarako? Kategoriari eustea zen helburu bakarra, ahal zela, kanporaketara joan gabe. Talde gaztea izanik, normalean baino gehiago atera gara uretara, astean hiru aldiz. Lehorreko entrenamenduak ere egin ditugu: gimnasioa, korrika... -Kide berriak izan dituzue taldean. Ez zen inoren lehen urtea arraunean, baina bai bigarren edo hirugarrena. Bi jubenil igo dira udarako. Beteranoek asko lagundu diete gazteenei, eta giro ederra izan dugu taldean. -Azken postuetan hasi zenuten denboraldia, baina bederatzigarren sailkatu zarete. Neguko entrenamenduetarako trainerua osatzea kostatzen zitzaigun, taldekideek lana edo beste eginbehar batzuk zituztela eta. Horrelakoetan ohartzen ginen ziur aski azken postuetan izango ginela. Entrenatuta eta gogoa jarrita egin dugu aurrera, eta orain positiboki baloratzen dut. Taldea gaztea dela kontuan izanik kanporaketara joan gabe eutsi diogu kategoriari, eta hori oso ongi dago. -Espero zenuten denboraldia horrela amaitzea? Bai. Ligaren hasierako estropada Portugaleten izan zen, eta hamargarrengo postuan sailkatu ginen. Beldurtu egin ginen, baina liga aurrera joan ahala, estropada txukunak egin ditugu. Gure maila hamargarren postu hori baino hobea dela erakutsi dugu, eta lor genezakela sinesten genuen. -Xabi Zulaikarekin ondo moldatu zarete? Lehendik ezagutzen genuen, baina lehen urtea izan du gu entrenatzen. Zumaian arraunean ibili da urte askoan, eta Urdaibairekin makina bat titulu irabazi ditu. Gu oso pozik gaude berarekin, eta bera ere bai gurekin. -Afizioak lagundu dizue helburu horietara iristen? Kantabriara joan ginenean, esaterako, herriko jendea etorri zen gurekin autobusean. Lekeition ere zumaiar ugari izan zen… Larri geunden momentutan asko lagundu digute familiakoek, lagunek eta herritarrek. -Nolakoak izango dira datozen hilabeteak? Kontxarako sailkatze estropada dugu lehenengo, oso zaila izango da, baina sari bezala hartuko dugu estropada. Gozatzera goaz. Oporrak hartuko ditugu ondoren, eta urriaren amaieran edo azaroaren hasieran hasiko gara berriz entrenatzen. Taldeko partaide guztiak jarraitzea espero dut, baina ongietorriak izango dira kide berriak ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide