Zumaiako kirol instalazio batzuk hobetzeko lanak egingo ditu udalak

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko abuztuaren 17a

Abuztuan eta irailean zehar herriko kirol instalazio batzuk hobetzeko lanak egingo dituela iragarri du Zumaiako Udalak. Paddel pistako belarra aldatu eta paretak txukunduko ditu, eta teniseko pistako lurra ere konponduko du. Horrez gain, futbol zelaiko porteria atzeko sareak ere aldatuko ditu.

Era berean, gimnasioan espazioa irabazteko hainbat aldaketa egingo ditu. Horien artean, judoko jarduera eremu egokiago batera lekualdatuko du eta aldaketa horren baitan, judokentzat aldagela berri bat ere egokituko du.

Urtea amaitu aurretik, kiroldegian beste zenbait inbertsio egitea aurreikusi du. Horiek kiroldegiko irisgarritasuna hobetzera bideratuta egongo dira. Lan hauek guztietarako aurtengo aurrekontuetan 200.000 euroko diru partida jasotzen dela gogoratu du Udalak.

Horrez gain, 2018. urte honetan kiroldegian hobekuntzak gauzatu direla ere azpimarratu du: gimnasioan makina berriak jartzea, gizonezkoen gorputz tratamendurako gunea hobetzea edota energia eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak egitea, hain zuzen ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide