Maria Teresa Durák irabazi du Zumaiako kaleko pintura lehiaketa

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko abuztuaren 16a

Eguraldia lagun zutela egin zuten atzo lehiaketa. Partaidetza ez zen handia izan, baina antolatzaileek margolari gazteen parte hartzea txalotu zuten.

Zumaiako kaleko pintura lehiaketako saridunak. (Baleike.eus) Atzo goizean zehar aritu ziren parte hartzaileak koadroak margotzen. Erribera kalean batzuk, Gernika parkean besteak eta baita Ardantzabiden ere. Ordu bietarako aurkeztu zituzten lanak eta epaimahaiaren lana etorri zen jarraian. Valentin Manterola, Francisco Hernandez, Julian Eguiguren eta Olatz Goiburu artistek osatu zuten epaimahaia. Sari banaketa ekitaldian aditzera eman zenez, ez zuten zalantzarik izan lehen saria ematerakoan. Maria Teresa Durák margotutako Itzurun hondartzako ikuspegiari eman zioten lehen saria. Bigarren saria Jose Miguel Arranzek irabazi zuen. Zumaiar onenarentzako saririk ez zen izan aurten. Ekitaldian zehar jakitera eman zutenez, zumaiar bakarrak hartu zuen lehiaketan parte, iaz saritua izan zen berak. Araudiak ez du uzten bi ekitaldiz jarraian artista berari saria ematea eta, beraz, horren ordez hirugarren saria ematea erabaki zuten epaimahaikideek. Anton Urreisti izan zen sari horren irabazlea. Gaztetxoei dagokionez, 12 urtez azpikoen saria Jone Arranzek irabazi zuen, eta 12-16 urte bitartekoena Mar Samperek. Pinturas Rubiok emandako oparia jaso zuten. Lehiaketan parte hartu zuten lanekin erakusketa zabalduko dute gaur Alondegiko Oxford aretoan. Irailaren 2ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa hau.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide