Zumaiako Dardara Musika Kolektiboko kideak (Baleike.eus)
Zumaiako Dardara Musika Kolektiboak seigarren urtez antolatuko du udako doako rock jaialdi hau. Ekimenaz hitz egiteko Dardarako hiru kiderekin elkartu gara, hirurak ere musikariak: Jon Brakamonte (Voltaia), Abraham Larrañaga (The Grace of Dionysus) eta Oier Zeberio (Blowing Soul).
Dardara Festen lehen urteetan metal doinuek garrantzia handiagoa izan zutela diote. Urteekin, baina, jaialdiak ateak zabaldu dizkie beste musika estilo batzuei: iaz trap eta indie doinuak entzun ziren Amaiako plazan; aurten elektronika eta post punka izango dira, hurrenez hurren.
Zumaiako musika taldeak eta musikariak biltzen dituen kolektiboaren urteurrena ospatzeko neguan antolatutako jaialdiaren ondoren hasi ziren Dardara Fest antolatzen. "Talde askori galdetu diegu ea hemen joko zuten, baina ez dira data errazak, jende askok festibalak eta kontzertuak aurrez hitzartuta dituztelako. Batzuek urtebete lehenagotik, adibidez. Bost talde hauek lotu ditugu. Estilo askotariko jaialdia izatea nahi genuen, eta lortu dugulakoan gaude".
Kontzertuak 19:30ean hasiko dira Amaiako Plazan jarriko den agertokian. "Taberna lehenago zabalduko dugu, 17:30ak edo 18:00ak aldera, dirua ere bildu behar da eta!", diote barre artean. Aurten, berrikuntza bezala, Dardarako taldeen, eta baita ere jaialdian joko duten taldeen diskoak eta merchandisinga (kamisetak, txapak, pegatinak, etab.) saltzeko mahaia jarriko dute. "Beste jaialdi askotan hala egiten dute eta egoki ikusi dugu hemen ere jartzea". Aurreko urteekin alderatuta, aurten ez da afaltzeko tarterik egingo. Hau da, kontzertu guztiak jarraian izango dira.
Jaialdian joko duten taldeen artean, urtero, herriko talde bat izaten da. Aurten rock'n'roll eta punk rockaren artean mugitzen den Karter taldeak joko du. Beraiek izango dira lehenak jotzen. Ondoren Libe arabarraren txanda izango da, bere musika malenkoniatsuarekin. Arabatik Nafarroara, Kabbalah hirukotea izango da jotzen hurrena. "Hiru emakumez osatutako taldea da hau. Heavy eta psikodelia ukituak dituen rock pisutsua jotzen dute".
Laugarren taldea Vulk bizkaitarra izango da. "Musika festibal askotan jotzen dabiltza eta post punk ukituak dituen rocka jotzen dute". Amaitzeko, aurtengo Dardara Festeko talde handiena igoko da agertokira, Delorean laukotea. Zarautzen sortua, Bartzelonan daude kokatuta gaur egun eta elektronika ukituko doinuekin egin dira mundu mailan ezagun. Pasa den urte amaieran Mikel Laboa izeneko diskoa atera zuten, baina Zumaiara arrakastekin osatutako errepertorioarekin etorriko dira.
Eguraldiak laguntzen badu behintzat rockaz gozatzeko aukera izango da larunbatean Zumaian. Rocka bere ikuspegi zabalenean hartuta, noski.