Irati Osa (Argazkia: Peio Romatet).
Aranjuezen jokatu da asteburuan Espainiako piraguismo txapelketa maratoiko modalitatean. Portugalen irailaren hasieran jokatuko den Munduko txapelketan parte hartzeko txartelak banatuko ziren bertan. Irati Osak 23 urtez azpikoen proban hartu zuen parte. 22,6 kilometroko proba izan zuen aurrez aurre. Lehen bi sailkatuek lortuko zuten Munduko txapelketarako txartela, eta bigarren izan zen Irati helmuga puntuan.
Proba hasieratik aurrea hartu zuten Club Piraguismo Cuencako Arantza Toledok eta Irati Osak. Beraiek izan ziren dominatzaileak eta garbi geratu, ezusteko bat izan ezean, bi piraguista hauek lortuko zutela mundialerako txartela, aurkariak bost minutura heldu zirelako. Espainiako txapelketa esprintean erabaki zen eta irabazlea Toledo izan zen 23 ehunekogatik.
Munduko txapelketa irailaren 6tik 9ra bitartean jokatuko da Portugalen. Aurretik Madrilen kontzentratuko da, Blume errendimendu altuko zentroan.
Itxas-Gainekoen lana
Ez da Irati Osa izan txapelketa honetan parte hartu duen Itxas-Gaineko piraguista bakarra. Aranjuezen izan diren klubeko beste piraguistek kontutan hartzeko emaitzak lortu zituzten. Hala, 23 urtez azpikoetan, K-1en, Martin Egaña 12. izan zen. Jubeniletan, K-1ean, Imanol Txapartegi 13. izan zen eta Unai Casquero 18. Kadetetan, K-2an, Unai Ilundainek eta Alex Lazkanok zilarrezko domina lortu zuten. Maila honetan baita ere, Itziar Carmona eta Sara Rezola erretiratu egin ziren. K-1ean, Itziar Etxabe 20. izan zen.
Taldeka 18. izan da Itxas-Gain. Kontutan hartu behar da Espainia osoko 60 klubek hartu dutela parte txapelketan.