Jon Mujika Arranplara iritsi denean. (Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)
Udako giro ederra eta marea goian, Itzurun leporaino bete zen atzo arratsaldean. Hondartzaz gozatzen ari ziren lagunei 300 igerilari gehitu zitzaizkien atzo, Itzurundik Arranplaraino joateko helburuarekin. Itsasoan metro inguruko olatuak, baina garbi samar zegoen, eta igeri egiteko iaz baino baldintza hobeak izan zituzten atzokoan. Hala ere, beti da gogorra ibilbide hau, aurrena Itzurundik irten egin behar baita olatuaren kontra, eta gero paol muturreraino alboz jotzen duelako uneoro olatuak. Trabeskako olatu horri neurria hartzen ez dionak gogotik sufritzen du.
Lauretan puntuan abiatu ziren igerilariak, ia ur ertz osoa zabalean hartuta. Itzurun aurreko buia gainditu eta paol muturrera abiatu ziren, Mariantongo punta pasata. Jon Mujika aldea zabalduz joan da pixkanaka. Iaz ere berak irabazi zuen, baina aurkari gogorrak izan zituen uretan, besteak beste, Getaria-Zarautz probako irabazle Nikolas Illarramendi.
Baina Mujikak neurria hartua dio probari eta aldearekin iritsi zen Arranplara. Bergararraren atzetik, taldetxo batean, Illarramendi zarauztarra (44:05), Xabier Gordoa oñatiarra (44:08), Ander Vilariño (44:14) donostiarra, eta Amaia Iriarte burlatarra (44:20). Sekulako maila erakutsi zuen Iriartek hain aurrean sartuta. Bigarren emakumea iazko irabazle Amaia Zendoia izan zen (44:45), eta Ana Vegak osatu zuen podiuma (46:51), biak donostiarrak.
Zumaiarren artean Mikel Mangas (44:37) eta Deñe Izaga (1:06:31) izan ziren onenak.