Igandeko protestak, Zumaiako Itzurun hondartzan. (ELA)
Protestan ari dira egunotan eskualdeko hondartzetako sorosleak. Hiru eguneko greba hasi zuten igandean Zumaiako, Getariako eta Orioko Gurutze Gorriko langileek, eta lan baldintza duinen aldeko aldarria hondartzara eraman dute Zarauzko sorosleek. Besteak beste, lan baldintzak eta soldatak igerilekuko sorosleekin parekatzeko eskakizuna egin dute.
Lanuztea egin duten hondartzen kasuan, bandera gorria jarri dute sorosleek. Ez itsasoaren egoeragatik, baina bai ezarritako gutxiengo zerbitzuen ondorioz ohikoak baino sorosle gutxiago zeudelako lanean. Hala, bainua hartzera uretara sartu direnei kontuz ibiltzeko eskatu diete bandera horren bidez. Nolanahi ere, Maddi Asipazu ELA sindikatuko kidearen arabera, arazoak izan zituzten Itzurun hondartzan: "Bandera gorria eta itsaso zakarra egon arren, bainatzea erabaki zuten herritar batzuk". Zumaiako Itzurun eta Santio hondartzetan lan egiten duten hamabi lagunek egin dute bat deiarekin, eta Itzurunera bertaratutako herritarren bultzada jaso zuten igandean langileek. Aspiazuk eskerrak eman nahi izan dizkie babesa agertzera joandako herritarrei. Haren hitzetan, langileei baldintza duinen aldeko borrokan jarraitzeko indarra emateaz gain, gaia sozializatzeko beharrezko osagaia da elkartasuna.
Borrokan dira Zarauzko sorosleak ere. Aldarrikapenez josi dute herria asteburuan, eta Baldintza duinak sorosleentzat leloa hartuta, mobilizazio zaratatsuak egin dituzte egunotan malekoian eta hondartza inguruan. Gaur ere Gurutze Gorriaren postuan elkartuko dira, 09:45ean eta 20:30ean. Herritarrek babesa emateko deialdia egin zuten atzo Getarian ere, eta Malkorbe hondartzan egin zuten agerraldia langileek eta herritarrek. Orion, aldiz, sinadura bilketarekin jaso dute sorosleek herritarren atxikimendua.
Zumaiako, Getariako eta Orioko langile guztiek egin dute bat lanuztearekin, baina administrazio publikoak ezarritako %80ko gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira. Kopurua "gehiegizkoa" dela uste du Aspiazuk, baina zerbitzu horiek emango direla jakinarazi du sindikatuko kideak.
Udalak, hitz egiteko prest
Gurutze Gorriak kudeatzen ditu Gipuzkoako hondartza guztiak, tokian tokiko udalak azpikontratatuta. Eskualdeko udalek sindikatuarekin hitz egiteko prestutasuna agertu dutela dio Aspiazuk; hala ere, ez dute Gurutze Gorriaren deirik jaso.
ELA sindikatuko kideak garrantzizkotzat jotzen du Gurutze Gorriak langileen eskakizunak aintzat hartzea. Izan ere, udalek Gurutze Gorria hitz egitera bultzatu besterik ezin dute egin: "Udalak eskakizunekin ados egon daitezkeen arren, Gurutze Gorria da akordioren bat lortzeko eskumena duena", aditzera eman du.
Irakurri
hemen Zarauzko sorosleei egindako elkarrizketa.