Zumaiako eta Orioko hondartzetako sorosleak ere, grebara

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko uztailaren 25a

Lan baldintza hobeak eskatuz, hilaren 29rako, 30erako eta 31rako lanuztera deitu dute hainbat hondartzatako sorosleek.

Hilaren 29rako, 30erako eta 31rako greba deitu dute Gipuzkoako hainbat hondartzatako sorosleek. Tokian tokiko udalak azpikontratatutako langileak izan arren, hondartza guztietako sorosleek adierazi dute gaiari buruz hitz egiteko eta lan baldintzak hobetzera bidean pausoak emateko premia. Hala ere, Urola Kostatik Orioko eta Zumaiako hondartzetako sorosleek egin dute bat aurrez aipatutako greba deialdiarekin. Sorosleen artean ez da berria lan baldintzen inguruko kezka. Donostiako zein Orioko langileak iaz hasi ziren mugitzen, eta ELA sindikatura jo zuten. Gurutze Gorriko langile batzordearekin eta arduradunekin aritu ziren hizketan, eta Donostiako sorosleek Gipuzkoako Hitzan adierazi zutenez, hobekuntza txikiren bat lortu arren, ez ziren sorosleek eskatutakora hurbildu ere egin. Beraz, akordio falta honen aurrean, orain sorosleek ez dute greba egitea beste irtenbiderik ikusi, beren eskakizunak bete daitezen. Auzia publiko egin eta Gipuzkoako gainontzeko hondartzetako sorosleekin jarri dira harremanetan Donostikoak, herrialde mailako mugimendu bat osatuz. Dena den, sorosleak tokian tokiko udalak azpikontratatutako langileak direnez, «konplexua» da herrialde mailako koordinazioa gauzatzea. Funtsean, hondartza guztietako langileek adierazi dute lan baldintzak hobetze bidean pausoak emateko beharra, baina tokian tokiko kudeaketak berezitasunak dituenez, sorosleak ere testuinguru bereizi horietara egokitzen ahalegindu dira. Honek ekarri du herri bakoitzeko hondartzetako langileek borrokan erritmo desberdinak hartzea.

Orio eta Zumaia batu dira

Orioko sorosleak iazko abuztuan hasi ziren beren lan baldintzen inguruko kezkak zirela-eta batzen. Ikusten zituzten arazoen aurrean, beren lan baldintzak hobetzeko eskakizunak egiteko garaia bazela ondorioztatu zuten, Iker Ostolaza Orioko sorosleak adierazi bezala. «Nola elkartu eta nola egin hasi ginen hitz egiten gure artean. Momentu hartan azpikontratatuta zegoen enpresako arduradun batekin ere hasi ginen hizketan, eta gure egoera arraroa zela esan zigun, azpikontratatuta geundelako». Egoera horren aurrean, langileak ELA sindikatuarekin jarri ziren kharremanetan. Dena den, abuztua zen jada, eta zeregin handiegirik ez zegoela ondorioztatu zuten. «Beraz, negua pasatu dugu gai honekin lanean, eta konturatu gara arazo nagusia honakoa dela: ez dago hondartza guztietako sorosle guztiak barnebiltzen dituen hitzarmenik. Ez dago inon idatzita zeintzuk diren sorosleon eskubide zein betebeharrak». Egoera horretan, inork ez duela ardura beregain hartu nahi azaldu du Ostolazak. «Enpresek diote eskatzen ditugun gauzak oso zailak edo ezinezkoak direla, udal batek besteari pasatzen dio pilota, eta inork ez du erantzunik ematen. Beraz, Orioko sorosleok grebarekin bat egitea erabaki dugu». Tokian tokiko kudeaketa bereiziek sorosleak kaltetu baino ez dituela egiten ere aipatu du Ostolazak. «Udal bakoitzak akordio propio bat du hondartza kudeatzen duen enpresarekin. Ondorioz, hondartza bakoitzean ordutegiak, lan baldintzak eta egoerak desberdinak dira, baina guztiok bagara sorosleak eta denok lan berdina egiten badugu, guztiok ditugu premia berdinak, eta une honetan behar horietako bat guztion lan baldintzak hobetzea da». Hori lortu ahal izateko, sorosle guztiak barnebilduko dituen hitzarmen bat lortzea funtsezko borroka dela adierazi du. Horri lotuta, Ostolazak garrantzia handia eman dio sorosleen arteko batasunari. Zumaiako Itzurun eta Santio hondartzetako sorosleek ere bat egin dute grebarekin, eta beren eskaera nagusia soldata igerilekuetako sorosleenarekin parekatzea da, eta orokorrean, egungo lan baldintzak hobetzea. Egiten dutena igerilekuetako sorosleen lana baino «arriskutsuagoa eta zailtasun gehiagokoa» dela azaldu dute, eta egoerak ezin duela horrela jarraitu. Dena den, Zumaiako Udalarekin arazorik ez dutela ere garbi adierazi dute, arazoa udalak jarritako diruaren banaketan baitago sorosleen ustez. Diru hori herriko sorosleen lan baldintza duinak bermatzeko izan beharrean, Gurutze Gorriaren «beste defizit batzuk estaltzeko» erabiltzen dela azaldu dute. Arrazoi hauengatik, greba deialdiarekin bat egin dute Zumaiako sorosleek ere.

Beste zenbait, zalantzan

Donostiako sorosleek egindako eskariekin eta borrokarekin bat egin dute Zarauzko sorosleek. Dena den, udalak hitz egiteko borondatea azaldu duenez, momentuz ez dute grebarik deitu. Larunbatean Zarauzko Udala, Gurutze Gorria eta Zarauzko hondartzako sorosleak biltzeko asmoa dute. Bertan gertatzen denaren arabera erabakiko dute sorosleek zein pauso eman hemendik aurrera.Getariako sorosleek ere oraindik ez dute erabaki lanuztearekin bat egingo duten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide