Bihar iritsiko dira eskualdeko kostaldeko herrietara Euskarabenturako 140 gazteak. Goizean Oriotik igaro eta eguerdi alderako Zarautzen egongo direla aurreikusten dute. Orokieta Herri Eskolan igaroko dute gaua, hurrengo egunean bidearekin jarraitzeko, Getariarantz eta haren atzetik Zumaiarantz abiatuz.
Euskarabentura Euskal Herriko 783 kilometroko espedizio bat da. Uztailaren 1ean abiatu ziren Maule-Lextarretik, eta hilaren 31n, Getxon, amaituko dute bidaia. Hilabete osoan Euskal Herriko sei hiriburutatik igaro dira, eta laster, Bilbora, zazpigarrenera ere helduko dira.