Udal Gobernuak Saharako haurrei egindako harrerara ez dutela gonbidatu salatu du Zumaiako EH Bilduk

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 17a

Iaz ere ez zituztela gonbidatu argitu dute koalizioko kideek, eta atxikimendua agertu diote Saharako herriaren independentzia aldarrikapenari. Udal Gobernua hauteskunde kanpainan sartuta dela adierazi du koalizioak.

Zumaiako EH Bilduk salatu du duenez, Udal Gobernuak ez ditu koalizioko kideak gonbidatu Saharako gaztetxoei egindako harrerara. Iaz ere ez zituztela gonbidatu argitu dute koalizioko kideek, eta atxikimendua agertu diote Saharako herriaren independentzia aldarrikapenari. "Begirune osoa azaldu nahi diogu Sarahli taldeak egiten duen lanari, eta besarkada handi bana eta ongi etorri beroa egin nahi diegu gaztetxoei". EH Bilduk esan du "ohituta" dagoela halakoetara: "Gai korapilatsuetan elkarlana eskatzen digute, baita guk eskaini ere, eta gainontzekoetan bazterrean uzten gaituzte. Berariaz ala nahi gabe, baina horrek berdin dio, ez dakigu zer den okerragoa". Koalizioko kideen arabera, Udal Gobernuak ez du kontuan hartzen, ahal denean, eragile sozialek ordezkaritza politiko zabalaren babesa "askoz nahiago" dutela.     Honako hau da EH Bilduk kaleratu duen gutuna osorik: "Aurten (ere) EH Bildu ez da egon Saharako gaztetxoei Udalak egindako ongi etorrian. Arrazoia xinplea da: udal gobernuak ez gaitu gonbidatu.
Gure atxikimendu osoa Saharako herriaren independentzia aldarrikapenari eta begirune osoa Darahli-k egiten duen lan eskergari, besarkada handi bana eta ongi etorri beroa gaztetxoei. Egia esan ohituta gaude, gai korapilatsuetan elkarlana eskatzen digute, eta baita guk eskaini ere, eta gainontzekoetan bazterrean uzten gaituzte, berariaz ala nahi gabe, berdin dio (ez dakigu zer den okerrago). Ez dute kontuan hartzen eragile sozialek, ahal denean behintzat, askoz nahiago dutela ordezkaritza politiko zabal baten babesa, kasu honetan bezala. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,7 milioiko inbertsioa egingo du San Juan Egoitzan, nahitanahiezkoa zerbitzua hobetu eta egokituko bada. Argazkia, propaganda eta saturazio mediatikoa. Aurreko legealdian EH Bilduk egindako kudeaketari esker dagoela orain zabalik egoitza? Nor akordatuko da ba? Torreagako hitzarmen berriarekin berdin: argazkiak eta propaganda, oraindik hitzarmena plenoan onartu gabe egon arren. Herritarrak nahasteko arriskua dagoela? Jendeak uste duela etxe horiek berehala egingo direla,  horretarako oraindik urte asko pasa beharko diren arren? Herritarrei espektatibak azkarregi pizteko arriskua? Berdin da, kontua argazkia baita. Ohiko praktikaren hiru adibide xume besterik ez dira, hauteskunde kanpainan baikaude… duela hiru urtetik hona".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide