Argazkia: Irutxuloko Hitza.
Karmengo Amaren egunaren harira, Gipuzkoako arrantzale eta saregile erretiratuak omendu zituen atzo Donostiako Udalak. Bertan izan ziren Eneko Goia Donostiako alkatea, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendari Nagusia eta Emeterio Urresti Getariako Arrantzaleen Kofradiako presidentea. Arrantzale eta saregile ohiak saritu zituzten, tartean Maria Teresa Irigoien eta Domingo Iribar getariarrak.
Ondoren, itsas prozesioa egin zuten badian barrena, Karmengo Amaren irudiarekin. Lore sorta bat bota zuten uretara, itsasoan hildako arrantzaleak gogora ekartzeko. San Pedro elizara zuzendu ziren jarraian, Karmengo Amaren eguneko elizkizuna entzutera.
Mezatik irtendako herritarrek harrera egin zioten Karmengo Amari, eta apaizak kaiko itsasontziak bedeinkatu zituen. Kresala Dantza Taldeko kideen emanaldiarekin biribildu zuten omenaldia.