Oier Korta, Markel Olano eta Maite Peña, udaletxearen kanpokaldean. (Argazkia: Maria Maya Manterola)
1.750.000 milioi euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zumaiako San Juan egoitza eraberritzeko. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Oier Korta alkateak hala iragarri zuten atzo Zumaiara egindako erakunde bisitan. Haiekin batera izan ziren Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua.
Diputatu nagusiak adierazitakoaren arabera, zentroa indarrean dagoen araudira egokitzea da asmoa. Horrez gain, egoiliarren bizi kalitatea bermatzeko espazio eta gune berriak sortu nahi dituzte egoitzaren solairu bakoitzean. Hirugarrenik, zentroaren sarrera berritu eta bakar bat jarriko dute. Obren lizitazioa eta exekuzioa 2019 eta 2020 urteetan egitea aurreikusi dute, eta 2020ko udarako bukatzea.
Aldundiaren Kabia erakunde autonomoaren parte da gaur egun Zumaiako San Juan egoitza. Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Lasarte, Andoain eta Bergarako udal egoitzak ere txertatu dituzte, eta beste hainbat integratzea aurreikusi dute datozen urteetan.
Gipuzkoan 80 urtetik gorako 50.000 biztanle daudela ekarri zuen gogora Olanok. Haren hitzetan, 2031 urterako 68.000 izango dira; hau da, gaur baino %36 gehiago. Datu horiek kontuan izanik, ibilbide orri bat prestatu du aldundiak zahartzearen erronkari aurre egiteko. Zahartze aktiboa lortzeko eta mendekotasunaren arretak benetan balioa izateko, prebentzio ikuspegia duten neurriak hartzea lehenetsi du aldundiak.
Zahartzearen estrategia bateratu bat bultzatze aldera, AdinBerri proiektua abiarazi du aldundiak. Pasaian kokatuko da, eta zahartzearen inguruko ikerketa eta berrikuntza unitatea. Aurrerapen guztiak lurralde osoko sarera hedatuko dituzte, «hobekuntzak gipuzkoar guztiengana iritsiz». Etxean zaindua izatea nahi duten adinekoentzako, beharrezkoak diren zerbitzuak bultzatzen ari direla azaldu zuten, Etxean Bizi programa aipatuz, esperimentu gisa hainbat herritan abiarazi dutena.
Erakunde bisita
Zumaiara bisita egin zuen atzo Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Oier Korta alkatearekin bildu zen, Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dituzten erronken inguruan aritzeko. Besteak beste, gizarte politikak, natura eta ingurumena eta ekonomia izan zituzten hizketagai, eta elkarlana zertan bultzatu dezaketen aztertu zuten. Olanoren hitzetan, «helburu antzekoak» dituzte bi erakundeek.
Algorri ingurua bisitatu zuten eguerdi aldera, bidearen zati batzuen erosioa saihesteko egokitzapen lanak zertan diren ikusteko. Bestetik, Unescoko ikuskariekin hitz egiteko aukera ere izan zuten, Geoparkearen erronken inguruan aritzeko.
Ondoren, San Juan egoitzaren inguruan hitz egin zuten alkateak eta ahaldun nagusiak, egokitzapenak nondik nora joango diren eta zein dimentsio hartuko duten aztertzeko.
Zumaiara egindako bisita bukatzeko, Astilleros Balenciaga lantegian izan ziren bertako langile eta ordezkariekin. Mundu mailan aitzindaria den ontzia ikusi ahal izan zuten bertan, izokinaren manipulazio osoa bertan egitea posible izango dena, akuikultura eta transformazioa bultzatuz.