ZAE-Badok 13 beteranoen traineruak Gipuzkoako Txapelketa irabazi du

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 12a

Orioko gizonezkoen eta emakumezkoen traineruak bigarren postuan sailkatu dira Gipuzkoako Txapelketan

Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi du ZAE-Badok 13 beteranoen traineruak. Asteazken arratsaldean jokatu zen Mutrikun Gipuzkoako Traineru Txapelketa, eta lan txukuna egin zuten bertan eskualdeko ordezkariak. Beteranoen mailan Zarautz Arraun Elkarteko Badok13 txalupak bandera irabazi zuen, eta gustura dira arraunlariak denboraldian zehar ematen ari diren mailarekin. Taldeko kide Edu Mugertzaren esanetan, aurten «hobekuntza» nabarmena izan du taldeak. «Guk 2012an sortu genuen taldea, eta gehienok arraunean lehiatzen aritu gabeak ginen. Aurten berriz, Zarauzko traineruan arraunean jardundako kideak ditugu taldea, eta hori antzeman egin da gure kirol errendimenduan». Izan ere, zarauztarrek ligako hiru bandera eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi dituzte denboraldia hasi denetik. Bestalde, beteranoen mailan Zumaiako trainerua hirugarrena izan zen. Oriotarrak bigarren Senior mailako gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapenean Orioko bi traineruak sailkatu ziren bigarren postuan. Gizonezkoen lehian Hondarribia oriotarrak baino 22 segundu azkarragoak izan bazen ere, Orioko neskei gutxi falta izan zitzaien sanjuandarrei irabazteko. Izan ere, Pasaiko taldea hasieratik estropadaren buruan jarri zen, baina segundu batera izan zituzten uneoro oriotarrak. Gizonezkoen mailan Getaria zazpigarren postuan sailkatu zen, Zarautz zortzigarrena izan zen, eta Zumaia hamargarrena. Zarauzko beteranoek, eta Orioko bi traineruek uztailaren 31n Euskadiko Txapelketa jokatuko dute, Lekeition.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide