Alzheimerra duten senideen aldeko kontzertua, musika jaialdian

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko uztailaren 12a

Abuztuaren 5ean emango du kontzertua Sapere Aude Sinfoniettak. Afagi Gipuzkoako alzheimerdunen elkartearen alde antolatu dute musika emanaldia, elkarlanean.

Koldo Aulestia eta Marisa Ortigosa Afagiko kideak, Marixi Sesma Sapere Aude Sinfoniettakoa eta Oier Korta Zumaiako alkatea, Ubillosen. (Argazkia: Maria Maya Manterola) Abuztuan egiten den musika jaialdiaren barruan, kontzertua eskainiko du Sapere Aude Sinfonietta musikari profesionalez osaturiko elkarguneak. Zehazki, musikazaleek Joaquin Rodrigok eta L. Van Bethoveenek ondutako lanak gozatzeko aukera izango dute abuztuaren 5ko emanaldian. Rodrigoren Concierto de Aranjuez eta Bethoveenen 7. sinfonia aukeratu dituzte kontzerturako. Bakarlari gisa Carmen Becerra gitarra jotzaileak hartuko du parte bertan, eta hainbat filmen musika bandak egin dituen Fernando Velazquez getxoztarrak izango du orkestra zuzentzeko ardura. Marixi Sesma Sapere Aude Sinfoniettaren sortzaileetako baten iritziz, ordea, baditu bestelako berezitasunak musika emanaldiak. Behin kontzertuaren gastuak estalita, Afagi Gipuzkoako alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkartearen alde bilduko dute dirua. Sesmaren hitzetan, ohikoa da horrelako kontzertuak Gabonetan eta data berezietan antolatzea, baina urteko egun guztietan da beharrezkoa arazo sozialen aldeko konpromisoa izatea. Oier Korta Zumaiako alkateak eskerrak eman dizkio Sesmari, Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertuek orkestra baten aukera eskaintzen dutelako musika jaialdiaren barruan. Afagiren lana ere txalotu du, ikuspegi sozialetik elkarteak egin duen ekarpenagatik. Kortaren hitzetan, garrantzitsua da arazo sozialekiko sentsibilizazioa lantzea, alzheimerra ezagutzera ematea eta gizarteratzea. Koldo Aulestia Afagiko presidenteak eskerrak eman dizkie Sesmari eta Kortari, Afagirekin gogoratzeagatik. Haien hitzetan, "lotura estua dute dementziek eta musikak". Laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, alzheimerraren gizarteratzea jo du garrantzizkotzat: "Oraindik oso estigmatizatuta dagoen gaixotasuna da alzheimerra". Elkartearen kalkuluen arabera, 12.000 kasu daude Gipuzkoan. Nolanahi ere, dementziaren eraginak jasaten dituztenak 40.000 herritarretar inguru direla uste dute: "Ohikoa da dementzia dutenen seme-alabak beren gurasoak zaintzea; normalean, alabak. Horien seme-alabei ere eragiten die, beren gurasoen falta somatzen dutelako". Sesma ere bat etorri da Aulestiaren adierazpenekin, eta memoria galtzea "pertsona bati gerta diezaioken gauza okerrenetakoa" dela uste du. Sarrerak eta donazioak Emanaldirako sarrerak Zumaiako Turismo Bulegoan eskura daitezke, 10 euroren truke. Afagi elkarteari donazioak sapereaudesinfonietta.com/sas-en-lagunak estekan edo transferentzia bidez egin daitezke, kontu korronte hauetan: ES97 2095 5078 3091 1554 0513 (Kutxabank) edo ES37 3035 0037 4103 70050506 (Laboral Kutxa). Aulestiaren hitzetan, beharrezkoa da alzheimerraren garapena mantsotzea eta autonomia luzatzea. Horrez gain, senide bakoitza elkarrekin bizitzen ikastea eta bizi kalitatea hobetzea du helburu erakundeak. Hori dela eta, psikosimulazio tailerra emango dute Zarautzen irailetik aurrera. Astean ordu eta erdiko bi saio eskainiko dituzte alzheimerra diagnostikatu zaien pertsonentzat. Bestetik, zaintzaileei arreta psikosoziala ere eskainiko diete bailara osoan. Tailerretan parte hartzeko, 943-29 71 18 telefono zenbakira (Afagi elkartearena da) beharko dute interesatuek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide