Beñat Yeregi. (Baleike.eus)
Gipuzkoako Surf Txapelketa jokatu dute asteburuan Donostiako Zurriola hondartzan, eta eskualdeko ordezkariek emaitza onak lortu dituzte. Maila nagusian, Beñat Yeregi zumaiarra izan da txapeldun bodyboardean, gizonezkoetan; surfean, berriz, Roberto Letemendia zarauztarra eta Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra, gizonetan eta emakumeetan, hurrenez hurren.
Unai Zubizarretak bi olatu (5 eta 5,5) puntuatu zituen finalean, eta Yeregik seiko bat behar zuen aurretik jartzeko. Amaitzeko 30 segundo falta zirela, Zubizarretak olatua pasatzen utzi eta Yeregik aprobetxatu zuen, 7,17ko puntuazioa lortuz. Bestalde, Letemendiak 15,6 punturekin irabazi zuen finalean, Bitor Garitonandiaren aurka, eta Gonzalez-Etxabarri, berriz, 13,1 punturekin gailendu zitzaion Iara Dominguezi; 14 urtez azpikoetan ere bera nagusitu zen.
Beste kategoriei dagokienez, 18 urtez azpikoetan Iker Amatriain zarauztarra izan zen garaile; 16 urtez azpikoetan Mikele Beato zarauztarra; 12 urtez azpikoetan Anette Gonzalez-Etxabarri zumaiarra; eta 18 urtez azpiko bodyboardean, Kimetz Etxabe zumaiarra.