Herriarteko Txapelketako finalean ezin izan ditu lanak borobildu Zumaiak

Gorka Zabaleta 2018ko uztailaren 10a

Ostiralean Markina Xemeinen irabazi arren, Bizkaikoak gailendu ziren igandeko hiru partidetan. Euskal Herriko txapelak ihes egin dien arren, Gipuzkoako Herriartekoa irabazi dute

Taldeko argazkia partidak jokatu ondoren, Aitzurin. (Baleike.eus) Euskal Herriko Herriarteko zesta-punta Txapelketako joaneko partidak ostiralean jokatu ziren, Markina Xemeinen. Orduan, 2-1eko aldeko emaitza lortu zuen Zumaiak, baina igandean Aitzurin Bizkaikoak hobeak izan ziren, eta txapela lortu zuten hiru partidak irabazita. Kadete mailako partidan hasi ziren gauzak okertzen. Egañak eta Aizpuruak 18-30 galdu zuten Arakistainen eta Mugartegiren aurka. Lehia orekatu samar zen hasieran, baina, lan erdietatik aurrera, Markinako bikotea askoz seguruago aritu eta Zumaiari joan egin zitzaion partida. Lehen partida galduta, gazte mailakoa irabazi beharra zuen Zumaiak. Agirrek eta Saezek jokatu zuten Goitiandia eta Mandiolaren aurka. Final borrokatua izan zen. Agirre aurrelariak meritu handiko tantoak egin zituen, baina Markinako bikotea oso sendo aritu zen, akats oso gutxi eginez, eta joko guztia Saez atzelariarengan kargatu nahirik. 31na berdindu zuten azken aldiz, eta orduan hautsi zen partida Markinaren alde. 34-31 aurreratu ziren, eta 35era iristen lehenak izan ziren, 32-35. Egoera horretan, senior mailako norgehiagoka irabazi eta aurkariak 9 tanto baino gehiago ez egitea zen Zumaiaren aukera bakarra. Ezusteko ikaragarria izango litzateke, baina saiatu ziren Uranga eta Segurola Urrolabeitia eta Elkorobarrutiaren aurka. Telmo Manterola Zumaiako aurrelaria min hartuta zegoenez, Urangak aurrelari jokatu behar izan zuen eta Segurolak hartu zuen atzealdeko ardura. Markina azkar iritsi zen hamargarren tantora eta, horrenbestez, txapela ziurtatu zuen. Zumaiakoek, hala ere, ez zuten amore eman, eta eutsi egin zioten partidari. 17-18 ere gerturatu ziren, baina Markina aurretik izan zen partida 25-35 amaitu zen arte. Gipuzkoako Zesta-puntako Herriarteko txapela irabazi du Zumaiak Mutrikuren aurka –aurreko bostak Mutrikuk irabazi zituen–, eta Euskal Herrikoa irabazteko aukerekin izan da, azkenean ihes egin dion arren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide