Zumaiako Torreagan 250 etxebitza eraikitzeko akordioa aurkeztu dute, tartean 50 tasatu eta 50 babestutako

Baleike.Eus 2018ko uztailaren 6a

Zumaiako Estazioko auzoan, Torreaga fundizio zaharrak utzitako lursailean, 250 etxebizitza berri eraikiko dituzte Torreagaberri izeneko planaren barruan. Etxebizitza horietatik 50 babes ofizialekoak izango dira eta beste 50 tasatuak. Proposamen hori uztailaren 26ko udalbatzarrera eramango du Udal Gobernuak (EAJ), planak behin behineko onarpena jaso dezan. Behin lehen onespena jasota, lanak 28 hilabetera hasiko direla aurreikusi dute Udal Gobernukoek. Oier Korta Zumaiako alkatea eta Mari Kruz Alvarez Ogasun zinegotzia akordioaren berri ematen gaur goizean (Juan Luis Romatet/Baleike) Torreagaberri plana egiteko lortutako hitzarmenaren berri gaur goizean eman dute Oier Korta Zumaiako alkateak eta Mari Kruz Alvarez Ogasun zinegotziak. Zumaiako Udal Gobernuko ordezkarien arabera, beren helburu nagusietako bat "zumaiarrei etxebizitza aukera berriak eskaintzea eta herritarren behar zein eskaerei erantzutea izan da". Helburu horretan, uste du Torreagaberri planarekin "pauso garrantzitsua" eman dela. "Akordio berri honekin hitzarmenari izaera soziala eman diogu, horretarako etxebizitza babestuak eta tasatuak lehenetsiz, eta era berean herritarren behar eta eskaerei erantzuna ematera bideratuz". 250 etxebizitza, bost bloketan Sukia eraikuntza enpresak gauzatuko luke Torreagaberri plana, 250 etxebizitza eraikiz. Torreagaberri planaren hitzarmenaren arabera, eraikiko diren etxebizitza denak Torreagako eremuan egingo dira, eta Puntanuetako lursaila libre geratuko da. Bost etxebizitza bloketan banatuta eraikiko dituzte etxebizitzak eta bloke bakoitzak 50 etxebizitza izango lituzke; horietatik bloke bana tasatutako etxebizitzena eta babestutakoena izango dira. Blokeek tartean etorbide bat izango lukete. Horrez gain, ibai aldera emango duen bloke baten behealdeko 1.500 metro koadroko lokal bat Zumaiako Udalaren esku geratuko litzateke. Alkateak adierazi duenez, lokal hori ibaiarekin lotutako jardueretara bideratzea egoki ikusten du. Egutegiari dagokionez, eta aurreikusi dutena beteko balitz, lanak 2020 urtearen amaieran edo 2021 urtearen lehenetan hasiko lirateke. Gaur adierazi dutenez, egiten lehenak, ordea, babestutako etxebizitzak izango lirateke. Hala adierazi du alkateak: "Etxebizitza sustatzaileak bidalitako egutegiaren arabera, eraikitze lanak bi urte eta erdira hastea aurreikusten da". Planaren gainean egindako akordioarekin pozik agertu dira Udal Gobernuko kideak. "Lan asko" eskatu duela ere adierazi dute. Izan ere, eremu horrekin lotuta azken hamabi urteetan sinatzen den hirugarren hitzarmena da gaur aurkeztutakoa. Aurrekariak Torreagaberri planaren hitzarmena aurkezteko orduan, eremuari buruzko aurrekarien berri ere eman dute Udal Gobernuko kideek. Lehen hitzarmena 2006. urtean sinatu zuten Altuna y Uria enpresak eta Zumaiako Udalak. Orduan, Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ) zen alkatea. Lehen hitzarmen hark bazuen helburu bat: Torreaga fundizioa herritik ateratzea eta Arroabean lantegi berria egitea. Horretarako, hitzarmen bidez, eraikuntza balioa eman zioten lursailari. Fundizioaren jarduera lekualdatu zenean ABEE (Aldi Baterako Enpresen Elkartea) bat osatu zuten Altuna y Uriak eta Construcciones Galdianok etxebizitzak eraikitzeko. Garaiko legedia betez, Torreagan eraikiko ziren etxebizitzen %20ak babes ofizialekoak izan behar zuten. Horiek bertan eraiki beharrean, ordea, Zumaia Lantzenek Puntanuetan zuen eremuan egin ziren. Zumaia Lantzen Zumaiako Udalak hirigintza lanetarako zuen elkartea zen. Garai hartako akordioaren arabera, 200 etxebizitza libre inguru eraikiko ziren Torreagan eta babestutako 40 Puntanuetan. Hitzarmena ez zen gauzatu, 2008ko krisialdia tarteko. 2011n, Iñaki Agirrezabalaga (Bildu)  Zumaiako alkate zela, hitzarmena berriro negoziatu zuten Zumaiako Udalak eta enpresa eraikitzaileek. Enpresek Zumaiako Udalari eman beharreko dirua ordaindu ezin zutenez, ordainetan eraikitzekoak ziren etxebizitza libreetatik kopuru bat emango zioten udalari. Krisialdiaren une gordinena zen hura eta etxebizitza libreen eskaerarik ez zegoen herrian. Ondorioz, akordioa eta etxebizitzen eraikuntza bertan behera geratu zen. Enpresen ABEEak ere porrot egin zuen. Orduan, Torreagako lursaila Laboralkutxaren Igsa elkartearen esku geratu zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide