KAE 1 ligako estropada jokatuko da bihar, Zumaian

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 6a

Hamabi traineruk hartuko dute parte; tartean, Getariakoak, Zarauzkoak eta Zumaiakoak

Zumaiako estropadaren aurkezpena. (Baleike.eus) Getariako estropadaren ondoren, KAE 1 ligako laugarren jardunaldia jokatuko da bihar, larunbata, 18:00etan. 5.500 metro inguruko ibilbidea egin beharko dute traineruek. Hamabi traineruk parte hartuko dute, eta bigarren txandan lehiatuko da Zumaia; Lapurdi, Pedreña eta Zarautz aurkari dituela. Getaria ohorezko txandan ariko da, hirugarrenean. Atzo aurkeztu zuten jendaurrean XXXIII. Zumaiako Ikurriña, eta bandera "etxean" geratzeko nahia aitortu zuen Joseba Esnal Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko presidenteak. Emaitza edozein izanik ere, elkarteko zuzendaritzako kideak arraunlariekin harro daudela gaineratu zuen. Euskaraldiarekin bat Esnalen hitzetan, biharko estropada bezain garrantzitsua da euskararen alde egitea. Hori dela eta, denboraldi guztian zehar Euskaraldiaren eranskailua eramango dute traineruan. Zumaian Euskaraldia bultzatzen ari den herritar taldearen izenean, Belen Urangak eta Antton Peñalbak estropadaren aurkezpenean parte hartu zuten. Arraun Elkartea zoriondu zuten, traineruan Euskaraldiaren ikurra guztien bistara jartzeko hartutako erabakiagatik. Haien hitzetan, uda osoan han-hemenka izango diren estropadetan, haizea kontra edo alde izanda ere, kostalde osoko herritar guztiei egingo diete dei euskara erabiltzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide