2015eko San Fermin txiki, Azpeitian. (Hitza)
Bihar, uztailak 6, hasiko dira San Fermin jaiak Iruñean, eta eguerdiko txupinazoarekin batera lehertuko dira festa ezagunak Nafarroako hiriburuan. Sanferminek izango dute oihartzuna eskualdean ere, ohi bezala, udalekuetako gaztetxoek San Fermin txiki ospatuko baitute datozen egunetan Urola Kostako herri askotan.
Azkoitian, Uztaila Jolasean udalekuetan dabiltzan HH3. eta LH6. maila arteko umeek egingo dute San Fermin txiki bihar. 12:00etan, udaletxeko balkoitik suziria botako dute, eta segidan entzierroa hasiko da Kontzejupetik Oteiza frontoietaraino. Handik, berriz, plazara itzuliko dira.
Azpeitian ere bihar egingo dute neska-mutilek entzierroa; herriko hiru udaleku irekietako umeek –Udal udaleku irekiak, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Iraurgi ikastetxea– bat egin eta 12:00ak iristearekin batera txupinazoa botako dute han ere. Segidan, entzierroa egingo dute Enparan kalean eta Erdikalean, eta ekitaldia amaitzeko dantzan arituko dira umeak plazako kioskoan.
Zestoan, berriz, 12:30ean hasiko da ekitaldia. Udalekuetako umeek udaletxeko balkoitik pregoia irakurriko dute, eta eta jarraian bi entzierro egingo dituzte, adinka banatuta.
Zumaian ere bi entzierro egingo dituzte bihar, adinaren arabera banatuta: Lehen Hezkuntzakoek Erribera kalean egingo dute entzierroa, 10:30ean hasita, eta Haur Hezkuntzakoek Puntanuetatik eskolara bitartean egingo dute korrika, 11:00etan.
Getarian, 12:00etan hasiko da San Fermin eguneko ospakizuna. Erraldoiek pregoia irakurriko dute udaletxeko balkoitik, eta ondoren txupinazioa botako dute. Jarraian, ur festa egingo dute herrian zehar.
Aian eta
Orion, berriz, astelehenean ospatuko dute San Fermin txiki. Aiari dagokionez, herriko plazan pregoia irakurri ondoren, kalejira egingo dute, eta, ohi bezala, udaleko irekietako umeak balkoietatik ura botatzeko eskatzen arituko dira. Orion, berriz, adinaren arabera ekintza desberdinak egingo dituzte astelehen goizean. Bi eta hiru urteko umeek maskarak margotuko dituzte San Fermin txikirako, eta gainontzekoek herri kirolak egingo dituzte. 12:00etan, ikastola berrian elkartuko dira guztiak, adinaren arabera banatuta, entzierroak egingo dituzte taldeka.
Zarautzen, udaleku irekitakoek aurten ez dute San Fermin txiki ospatuko; hala ere,
Kalerki jaialdiaren barruan egingo dute zezen puzgarrien entzierroa, larunbatean. Lege Zaharren Enparantzatik abiatuko dute entzierroa, 19:00etan.