TAO makinak egokituko dituzte Zumaian, bezeroei aparkalekua ordaintzea errazteko

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko uzt. 4a, 13:04

Komertzioak edota banketxeak dauden eremuetan errotazio altuko guneak ezarri ditu Zumaiako Udalak, aparkamenduaren erregulazio sistemaren barruan. Gune horietan ordu muga 90 minutukoa da. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenek doan aparkatu dezakete aipatutako gune horietan, baina herritarrez gain, badira inguruko auzoetatik erosketak egitera Zumaiara hurbiltzen diren lagunak ere. Hori dela eta, aurten, lehen ordu erdian aparkatu ahal izango dituzte herrikoak ez diren ibilgailuak.

Edonola ere, neurri horretaz harago, herriko hainbat erosketa establezimenduk lehen ordu erdiaz gain, errotazio altuko gainerako ordubetea ordainduko die bezeroei, baita TAOko lehen bi orduak ere, betiere erosketa baldintza jakin batzuk betez gero.

Horretarako, Udalak TAOko makinak egokituko ditu aurrerantzean bi txartel inprima ditzaten. Horietako bat autoan jarri beharko da, eta bestea aparkamendu denbora jakin hori ordainduko duen establezimenduan entregatu beharko da. Lan horietara 915 euro bideratuko ditu udalak, eta egokitzapen lanek hamar egun inguru iraungo dutela aurreratu du erakundeak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide