Raku zeramika tailerra emango du Keixetak Endoian

Urola Kostako Hitza 2018ko uztailaren 4a

Itziarko Auzo Udalak antolatutako udaberri-udako kultur programaren barruan, raku zeramika tailerra egingo da Endoiako auzo lokalean, ostiral honetan hasita. Txiki Agirre Keixeta artista eta arte irakasle arroarrak emango du tailerra.
Zeramika tradizionalean ontziak egosteko teknika da Raku. Ekialde urrunean sortu zen XVI. mendean, eta gaur egun mundu guztian hedaturik dago. Buztin errefraktarioa erabiltzen da, eta batez ere katiluak egiten dira teknika horren bidez; piezak lehortu ondoren esmalte edo oxido metalikoz margotzen dira. Labean sartzen dira egosteko, 900o gradu inguruan, gori-gori daudela ateratzen dira, eta berehala zerrautsez edo hosto lehorrekin estaltzen dira, kea sortuz. Giro oxidantetik erreduktorera pasatzen dira piezak, eta karbonizazioan koloreak zeharo aldatzen dira; metal disdiratsu itxura hartzen dute. Naturaren honako lau elementu hauek hartzen dute parte prozesu horretan: lurrak, aireak, urak eta suak. Hiru egunetan eskainiko dute tailerra. Uztailak 6an, ostiralean, 17:00etatik 20:00etara izango du ordutegia, eta egosketarako piezak egingo dira orduan. Bigarren egunean, uztailak 10 asteartean, 17:00etatik 20:00etara, piezak egosi ondoren esmaltatuko egingo dira. Azkenik, uztailak 14ean, larunbatean, 10:00etatik 19:00etara izango da saioa. Egun guztian zehar labean egosiko dira aurrez landutako piezak. Tartean bazkaria izango dute parte hartzaileek. Tailerrak plaza mugatuak ditu eta aurrez eman beharko da izena 645714633 telefonoan (Arantza). Ume zein helduentzat da tailerra, eta 8 eta 14 urte bitarteko umeek helduen laguntzaz har dezakete parte. Matrikula zabalik da oraindik, hamar euroren truke (umeek doan).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide