Nazioarteko III. Flysch Organo Zikloko kontzertuak izango dira Getarian eta Zumaian

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 29a

Gipuzkoan dauden organoen garrantzia aditzera emateko asmoa du jaialdiak. Mutrikun eta Deban ere izango dira kontzertuak; guztiak, uztailean

Gipuzkoan dauden lehen mailako musika tresnei ikusgarritasun gehiago emateko asmoz, Nazioarteko III. Flysch Organo Zikloa ospatuko da kostako hainbat herritan, uztailean. Edizio honetan Deban, Mutrikun, Getarian eta Zumaian izango dira kontzertuak. Asteazkenean Donostian aurkeztu zuten zikloa Maria Jose Telleria Aldundiko Kulturako Zuzendariak, Santiago Banda organo joleak eta Javier Lekunberri oboe joleak. Bertan izan ziren Mutriku eta Getariako alkateak ere, Jose Angel Lizardi eta Nika Lertxundi, hurrenez hurren. Telleriaren ustez, "organoa, tresna ezezaguna den neurrian, ezagutzera eman, eta gure ondarearen balioa azalduz Gipuzkoako kultur eskaintza turistikoa erakargarriago bihurtu nahi da. Azken honek bereizten du gainerako zikloetatik, ezohiko eta bereziki erakargarri bilakatuz". Egitaraua Guztira, bost kontzertu eskainiko dira uztailean. Lehenengoa Debako Andra Mari elizan izango da, uztailaren 1an, 20:00etan. Fritz Langen Metropolis filma proiektatuko da, eta Juan de la Rubiak musika jarriko dio. Zumaian, uztailaren 6an izango da emanaldia. Esteban Landartek organo kontzertua eskainiko du San Pedro elizan, 20:30ean. Zikloak Mutrikun jarraituko du uztailaren 14an. Bertan, Javier Lekunberri oboe joleak eta Raul del Toro organo joleak ongintzazko kontzertua eskainiko dute AFAGIren alde. Kontzertua 20:00etan izango da Andra Mari elizan. Hurrengo kontzertua Getarian izango da uztailaren 22an. Santiago Banda organo joleak eta Quinmmetal taldeak haizea eta metala uztartuko dituzte Salbatore elizan egingo den kontzertuan, 20:00etatik aurrera. Azkenik, eta zikloa bukatzeko, Debara itzuliko da egitasmoa. Montserrat Torrent organo joleak bere ibilbide luzearen azken aurreko kontzertua emango du Andra Mari elizan, 20:00etan. Organoa, duen izaeragatik, ezin da seriean egin. Beraz, instrumentu bakoitza, artisau erara egindakoa, toki jakin batean jartzekoa da. Egileak ahalik eta soinu onena lortzea nahi du, gune arkitektoniko bakoitzak dituen baldintza akustikoen arabera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide