Zumaian herri barruko autobus zerbitzua jarriko dute martxan igandean

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 28a

Mugikortasun iraunkorra sustatu eta herrian autoz egiten diren desplazamenduak gutxitzeko helburuz jarriko du zerbitzua udalak

Zumaiako Udalak herria barruan mugitzeko autobus zerbitzua jarriko du abian igandean. Herri barruko garraio zerbitzu hori uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean eskainiko da. Aurreneko urtea da, eta helburu izango du, ibilgailu gorakadaren garaian, herrian autoen erabilera murriztea eta herritarren artean mugikortasun iraunkorra sustatzea. Herri barruko autobusa erabiltzeko txartelaren kostua 50 zentimokoa izango da, baina aurrez bost txartel erosita, seigarrena doan izango da. Beraz, 2,50 euroren truke autobuserako sei txartel eskuratu ahal izango dira. Herri barruko autobus zerbitzua erabili ahal izateko txartelak lortzea beharrezkoa izango da, eta horiek herriko denda, ostatu edota tabernetan eskuratu ahal izatea da Zumaiako Udalaren helburua. Era horretan, helburu bikoitza bete nahi du: batetik, autobusaren funtzionamendua erraztea eta ordutegia betetzea; eta, bestetik, herriko merkataritza sustatzea, txartelak erostearekin batera herritarrek dendan edo tabernan kontsumitzea bultzatzeko aukera zabalduz. Txartelen salmentan parte hartu nahi duten merkatariek eta ostalariek Turismo Bulegoan eskatu beharko dute informazioa. Halaber, Zumaiako Udalak azalpen bideo bat prestatuko du autobus zerbitzuaren nondik norakoen berri emateko eta, horretan, txartelak salduko dituzten establezimenduak aipatuko dira herritarrei non eskuratu ditzaketen ezagutarazteko. Horrez gain, erabiltzaileek autobusa une oro non dagoen jakin ahal izango dute autobus geltokietan egongo den QR kodearen bidez edota www.autobusa.zumaia.eus webgunean. Txomin Agirre kaian eta autobusak biratzen duen lekuan autoen aparkalekuetan aldaketak Zumaiako Udalak 2018ko aparkalekuen erregulazio sistema indarrean jarri zuenetik hilabete erdi bat igaro da. Lehen bi aste horien balorazioa egin ondoren, aparkaleku guneetan bi aldaketa egitea erabaki du Zumaiako Udalak, "erregulazio sistema herritarren beharretara moldatu eta egokitzeko". Honako aldaketak dira Zumaiako Udalak egingo dituenak: 1- Zubitxikitik Moilaberriko zubia arte, Txomin Agirre kaian ibai aldeko aparkalekuak egoiliar gune izatera igaroko dira. Eusebio Gurrutxaga plaza pareko sei aparkaleku inguru, ordea, errotazio altuko gune gisa mantenduko dira. 2- Saregile plaza parean, autobusak biratzen duen lekua egun egonaldi ertaineko aparkaleku gunea da, baina aste honetatik aurrera, erdia (autobusak biratzen duen lekua arte, alegia) egoiliarrentzat gordeko da. Beste erdia (Julio Beobide ibilbideruntz doana), aldiz, orain arte bezala, egonaldi ertaineko gune mantenduko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide