Boxeo jaialdia antolatu dute larunbaterako Zumaiako kiroldegian

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 28a

Jaialdia bost borrokaldiz osatuta egongo da, 20:00etan hasita. Horietatik bi saio Gipuzkoako txapelketakoak dira. Sarrerak aurrez jarri dituzte saltzen Kabi eta Tximista tabernetan

Entrenamenduak Zumaiako Herri Eskolako gimnasioan egiten dituzte. (Juan Luis Romatet) Zumaia Cuban Boxing klubak antolatutako boxeo jaialdia izango da larunbatean. Lubaki kiroldegian jokatuko da, 20:00etatik aurrera. Larunbatean jokatuko diren boxeoko  bost borrokaldietatik bi Gipuzkoako txapelketakoak izango dira, eta bietan Anoeta klubeko eta Paco Buenoren gimnasioko boxeolariek neurtuko dituzte indarrak: 74 kilokoen mailan, Ricardo (Anoeta) Joshuaren (Paco Bueno) aurka, eta 59 kilokoan, Iker (Anoeta), Oierren (Paco Bueno) aurka. Gainontzeko hiru borrokaldiak txapelketatik kanpokoak izango dira, eta batean Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeolari bat arituko da: Mady Diame. 64 kiloko mailan arituko da eta Bizkaiko txapelduna den Jokin Badillo izango du aurkaria. 68 kilokoen mailan, Team Latigo klubeko Marcos Indoor Gym gimnasioko Mohameden aurka ariko da. Izango da, baita ere, emakumezkoen arteko borrokaldi bat: 52 kilotan, Anoetako eta Bilbao Boxing klubetako boxeolarien artekoa. Boxeo jaialdirako sarrerak aurrez salgai jarri dituzte Zumaiako Kabi eta Tximista tabernetan. Harmailetako sarrerak 8 euro balio du, eta pistakoak 10 euro. Larunbatean Lubaki kiroldegiko atean jarriko dituzte saltzen. Zumaiako borrokaldia eta astebetera, beste saio bat izango du Mady Diamek. Pasai Antxon ariko da uztailaren 7an, bertan ospatuko dituzten San Fermin festetako egitarauaren barruko boxeo jaialdian. Entrenamenduak uztailean Zumaiako boxeoko klubak datorren hilean astelehen eta asteazken goizetan egingo ditu entrenamentuak, 10:35etik 11:45era bitartean. Astearte eta ostegunetan, berriz, arratsaldez entrenatuko dira, 19:15etik 20:35era. Saioak Zumaiako Herri Eskolako gimnasioan egingo dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide