Silo bolen plastiko bilketako hainbat puntutan "arazo ugari" izaten ari direla agertu dute Zestoako Udalak eta Urkome Urola Kostako Landa Garapenerako Elkarteak, batez ere, Iraetan, Arroaerrekan eta Aizarnan. Izan ere, "plastikoekin batera eta nahastuta" beste hondakin mota batzuk ere uzten direla salatu dute, eta ondorioz, "plastikoak bertan utzi behar" izaten dituztela esan dute, "birziklatzera eraman ezinik". Bi erakundeek adierazi dutenez, silo bolen plastikoak "ahalik eta garbien" utzi behar dira jaso ahal izateko: "Lokatzarik gabe, sokak kenduta eta aparte utzita". Eta beste edozein motatako hondakinak plastikoekin batera utziz gero, ez dituztela jasoko ere adierazi dute.
Zerbitzuaren helburua birziklatzea eta ingurumena zaintzea dela azaldu dute, eta erabiltzaileak zoriondu dituzte, Urola Kostan 128 tona plastiko jaso baitzituzten, 2017an zehar. Horregatik, "ahalegin bat" eskatu dute plastikoak ahalik eta modu egokienean uzteko eta zerbitzua "mantendu" ahal izateko.
Zerbitzua hileko bigarren astearteetan eskaintzen dute, eta bezperan utzi behar dira plastikoak horretarako zehaztutako puntuetan. Jasotzen dituzten plastiko motak, honako hauek dira:
- Siloa estaltzeko erabiltzen den plastiko beltza.
- Belar boletan erabiltzen den plastikoa.
- Negutegietan eta baratzeetan lurra estaltzeko erabiltzen den plastikoa.
- Sokak eta plastikozko pentsu zakuak.